Ekonomia -

Aldebiko akordioa

Euskadik 1.400 milioi jasoko ditu Kupoaren atzerapenak tarteko

Horrez gain, 2017ko behin-behineko Kupoa 956 milioikoa izatea adostu dute. Azpiazuren esanetan, "egonkortasun finantzarioa" lortu da itunarekin.

Kupoaren inguruko akordioa izenpentu dute Madril eta Gasteizko gobernuek

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negoziazio luze baten ondoren, Kupoaren inguruko ituna itxi dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Atzean geratu da, horrenbestez, azken hamar urteotako "finantza ziurgabetasuna". Izan ere, bi gobernuek Kupoaren kalkuluari buruz zituzten desadostasunak gainditu dituzte: Euskadik 1.400 milioi euro jasoko ditu 2007-2016 epeari zegokion Kupoaren atzerapenengatik.

Azken 10 urteetako kitapena adosteaz gain, 2017ko behin-behineko Kupoa ezarri dute bi gobernuek: 956 milioi. Kopuru hori izango da 2017-2021 epeari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko oinarria.

Akordioa bart sinatu dute Cristobal Montoro Ogasun ministroak eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Madrilen, eta azken honek agerraldia egin du eguerdian xehetasunak emateko.

Azken urteetan ez atzera ez aurrera egon da negoziazioa. Bi bosturtekoen likidazioa adostu ezinda ibili dira aldeak, eta aurten 2017-2021 epeari dagokion legea ere hitzartu behar zuten. Akordioarekin "finantza ziurgabetasuna amaitu" dela azpimarratu du sailburuak. "Bi gobernuen arteko harremanak normaldu eta arautu ditugu, eta egonkortasun finantzarioko epea dugu aurretik", erantsi du.

Aurten, 956 milioi

Azken 10 urteotako kitapena zehazteaz gain, 2017ko behin-behineko Kupoa 1.300 milioi euroan ezarri dute bi aldeek. Kopuru horri enplegu politika aktiboen zenbatekoa kenduta, 956 milioi ordaindu beharko dizkio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari.

Bi gobernuetako Ogasun arduradunek sinatutako testua Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak onartu beharko du orain. Batzordea maiatzeko bigarren hamabostaldian bilduko da, Azpiazuk aurreratu duenez.

Itunari esker, 2007-2015 ekitaldietako Kupo likidoak "homogeneizatu", 2007ko oinarrizko Kupoaren finantza-konpentsazioak zehaztu eta 2016ko behin-behineko konpentsazioak ezarri dituzte.

Kitapenaren ondorioz, 1.248 milioi euro ordaindu beharko dizkio Espainiako Gobernuak Euskadiri.

Halaber, enplegu politika aktiboen kostua ere zehaztu dute bi aldeek, 2011-2015 epealdiari dagokion kitapena eta 2016 eta 2017 urteetarako behin-behineko balorazioa, alegia. Kitapena 152 milioikoa da, eta behin-behineko balorazioa, 344 milioikoa.

“Poztasun handia”

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Kupoaren inguruan lortu duten akordioa “oso pozgarria” dela adierazi du asteazken honetan Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak. Bere esanetan, horri buruzko kalkuluaren inguruan zituzten desadostasunak alde batera uztea lortu dute. Era berean, Iñigo Urkulluren Gobernuak trukean ez duela inolako lagapenik egingo ziurtatu du. Hala, hamar urteko desadostasunen ostean bi aldeek Kupoaren kalkulua zehaztea lortu dutela nabarmendu du.

Bost urteren buruan, Espainiako Gobernuak 1.400 milioi euro itzuliko dizkio Euskadiri (2007-2016 epeari zegozkionak). Aurten % 10a jasoko du Eusko Jaurlaritzak, 2018an % 15a, 2019an % 20a, hurrengo urtean % 25a eta 2021ean % 30a. Gauzak horrela aurten 140 milioi euro gutxiago ordaindu behar izango ditu Iñigo Urkulluren Gobernuak: Guztira 816 milioi euro.

Azpiazuren esanetan, 956 milioi euroko behin-behineko Kupoa 2017-2021 epeko legearen oinarri izango da. Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak bi aldeek lortutako akordioa onartu behar du orain. Jarraian, Espainiako Gorteetan oniritzia eman beharko diote bost urteko iraupena izango duen itun horri.

Espainiako Gobernuak eta Iñigo Urkulluren Gobernuak sinatutako akordio horretan, Mercedes Benz enpresan egingo diren aldaketek zerga-ordainketan ekarriko dituen ondorioak aztertzeko lan-talde baten sorrera aurreikusten da.

Desadostasunak Kupoa kalkulatzeko metodologian

Kupoa, Estatuak EAEri transferitu ez dizkion eskuduntzak direla eta Euskadik ordaintzen duen dirua (Defentsa, atzerriko enbaxadak eta azpiegitura jakin batzuk, besteak beste), hamabost urteko aldizkakotasunarekin kalkulatzen dute.

Hamar urte igaro dira azken akordioa itxi zutenetik, eta Kupoa kalkulatzeko metodologian sortu diren desadostasunak direla eta orain arte ez dute beste akordiorik lortu. Hala, 2007tik gaurkotu gabe egon da Euskadik Espainiako Gobernuari eman beharreko dirua.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2011tik gehiegizko 1.600 milioi euro ordaindu behar izan ditu Euskadik, eta Kupoa 850 milioi eurokoa izan behar zela azpimarratu zuen. Espainiako Aurrekontu Orokorren proiektuak Euskadik 2017an Kupoan 1.202 milioi euro ordaintzea aurreikusi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua bideoak Ekonomia berriak Gaurko azken ordukoa