Ekonomia -

Kongresua

Aurrekontuen eztabaida abiatu dute, PP-EAJ akordioa ixtear dela

Aurrekontuei aurkeztutako zazpi osoko zuzenketak eztabaidatzeari ekingo diote taldeek. EAJk eta PPk 'azken unera arte' negoziatuko dute.

Cristobal Montororen hitzaldiaren ostean ekingo zaio eztabaidari. EFE
Diputatuen Kongresua. EFE
Cristobal Montororen hitzaldiaren ostean ekingo zaio eztabaidari. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorrek lehen izapidea gainditu behar dute. Espainiako Gobernuaren proiektuari aurkeztutako zazpi osoko zuzenketak eztabaidatu eta bozkatu behar dituzte gaur eta bihar Diputatuen Kongresuan. Ingurumari horretan, kontuak onartzeko behar duen babesaren bila, EAJrekin akordioa ixtekotan da PP. Rajoyren gobernuak bost boto behar ditu osoko zuzenketak baztertzeko, eta jeltzaleen babesa nahi du horretarako.

Bi aldeek martxoan abiatu zituzten negoziazioak, eta hainbat astez blokeatuta egon ostean, ostiralean adostasunerako bidea samurrago ikusi zituen jeltzaleek, eta osoko zuzenketarik ez aurkeztea erabaki zuten.

Andoni Ortuzarrek zuzentzen duen alderdiak akordioa lortzeko itxaropena du, baina ez du baztertu adostasuna zuzenketei buruzko eztabaida hasi ondoren erdiestea.

Ituna lortuta, Rajoyren gobernuak bost boto gehituko lizkioke bermatuta dituen 170ei —Ciudadanos, UPN, Foro eta Coalicion Canarias alderdietako diputatuen botoak eta PPkoenak—. Ganbera erdiaren babesa —175 boto— behar du Espainiako Gobernuak osoko zuzenketak atzera botatzeko.

Hurrengo izapideetarako, ordea, gehiengo osoa behar da, eta horretarako Nueva Canarias alderdiko ordezkariaren botoa ziurtatu nahian dabil PP.

Eztabaida eta bozketa

Osoko zuzenketen eztabaida eguerdian abiatu da Cristobal Montororen hitzaldiarekin. Ogasun ministroak aurrekontu proiektuaren lerro nagusiak azalduko ditu, eta, ondoren, saioa 16:00ak arte etengo dute.

Arratsaldean, aurkeztutako zuzenketak defendatuko dituzte taldeek. Denborarik emango ez balu, ostegunean jarraituko du eztabaidak. Agerraldi horiek amaituta, zuzenketa aurkeztu ez duten taldeen txanda izango da (Ciudadanosena eta EAJrena, kasurako).

Zuzenketa guztiak aldi berean bozkatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa PNV-EAJ Albisteak Alderdi Popularra Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Alderdi politikoak albisteak Ekonomia albisteak Albisteak