Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Eusko Jaurlaritza: 'Euskadi turistaz gainezka egotetik urrun dago'
Turismo sailburuordeak Gaztelugatx gogoan zuela esan duenez, "lekuak turisten beharrizanen arabera moldatu behar dira".
Agentziak | Erredakzioa
Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordearen esanetan, "Euskadi turistaz gainezka egotetik urrun dago. Izan dezakeen okupazio mailara ere ez da iristen".
Aste Santuko turismo datuen inguruko balorazioa egin du Muelak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Apirileko jaiegunetan turista ugari bildu dira Guggenheim Museoan eta Gaztelugatxen, baina toki horietan pilatutako jendetzaren irudia "saturaziotik urrun dago", sailburuordearen arabera.
"Game of Thrones" telesaileko sekuentzia batzuk Bermeoko uhartean grabatu ostean jasotako bisitari kopuru handiaren harira Muelak esan duenez, "lekuak turisten beharrizanen arabera moldatu behar dira". Hala, "ermitara igotzen eta jaisten diren bisitarien joan-etorria, garraiobideak, aparkalekuak eta egonaldi denborak antolatu behar dira", azpimarratu du.
Halaber, "nahi dugun turista mota aukeratu behar dugu", sailburuordearen ustez. "Ezinbestekoa da turismo jasangarri bat lortzeko eta modan jartzen diren hirien dinamika saihesteko", gaineratu du.
Muelak azaldu duenez, "asko dira Euskadi turismo helmuga moduan aukeratzen ari direnak, baina ez, akaso, opor helmuga moduan. Horixe da hain justu landu behar duguna". Muelak emandako datuen arabera, urtero lau milioi turista jasotzen ditu Euskadik.
Turismo-tasa
Euskadin turismo-tasa ezartzearen aukeraz galdetuta, Eusko Jaurlaritza "eztabaida abiatzearen alde" dagoela zehaztu du. "Udalak dira onuradunak, eta lankidetzan erabaki behar da", azaldu du. Jaurlaritzak "berdintasunezko araudi bat" babestuko luke, baina hirien artean ezberdintasunak egon litezkeela onartu du.
Turismoak merkataritzarentzat duen garrantzia nabarmendu du Muelak, eta "aukera ederra" dela azpimarratu du. Dendek jaiegunetan zabaltzeari buruz galdetuta, erabakia dendariena dela erantzun du sailburuordeak, eta edozer erabakitzen dutela ere, Jaurlaritzak horien erabakia babestuko duela erantsi du.