Ekonomia -

ArcelorMittal

Asteburuetan zortzi orduko txandak egingo dituzte berriro Sestaoko ACBn

Maiatzaren 6tik aurrera, 12 orduko txandak egiteari utziko diote, enpresa batzordeak eta zuzendaritzak akordioa lortu ostean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuetan 12 orduko txandak egiteari utziko diote maiatzean Sestaoko ACBko langileek, eta zortzi orduko txandetan lan egingo dute, gutxienez ekainera arte.

ArcelorMittal enpresako zuzendaritzak eta ACBren enpresa batzordeak lortutako akordioari esker egingo dute aldaketa. 12 orduko txandak egitearen kontra daude langileak, eta lanuzteak egin dituzte azken bi hilabeteetan. "Merkatuaren egoerak hobera" egin duela baieztatu du konpainiak, eta hori dela-eta, orain arteko produkzio sistema uztea erabaki du. Maiatzerako iragarritako lanuzteak bertan behera utzi dituzte beharginek.

Enpresako iturriek EFEri azaldu diotenez, maiatzaren 6ko asteburutik aurrera, langileek zortzi orduko txandak egingo dituzte ostiraletik igandera.

Plangintza berri honen arabera, hilabete bakoitzeko azken asteburuan ez dute lanik egingo Sestaoko ACBn. Hilero 25.000 tona altzairu ekoitziko dituzte, lehen baino 5.000 gutxiago.

Zortzi orduko txandak berrezarrita, 197 langile izango ditu ACB lantegiak. Beste 37ri aldi baterako enplegu erregulazio espedientea ezarri diete, erretiro partziala noiz emango zain.

Enpresak nabarmendu duenez, ekainera arte egingo dute lan txanda hauekin, eta une horretan lehen seihilekoaren balorazioa egingo dute erabaki bat hartzeko. Asmoa, dena den, sistema honekin jarraitzea da, konpainiaren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao argazkiak Bizkaia Lana Ekonomia berriak Eguneko albisteak