Ekonomia -
2017ko LEHEN Hiruhilekoa
Langabeziak behera egin du EAEn eta gora Nafarroan, EPAren arabera
5.800 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn 2017ko lehen hiruhilekoan; Nafarroan, berriz, 700 pertsona gehiago daude langabezian.
Agentziak | Erredakzioa
Estatistikako Institutu Nazionalak gaur argitaratu duen Populazio Aktiboaren Inkestaren (EPA) arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 5.800 pertsona gutxiago daude langabezian 2017ko lehen hiruhilekoan. Horrenbestez, guztira 120.400 lagun daude langabezian (% 11,86), aurreko hiru hiletan baino % 4,60 gutxiago.
Lurraldeka, Gipuzkoa da langabezia-tasa txikiena duena (% 10,72), ondoren, Araba (% 12,03) dago eta azkenik Bizkaia (% 12,5).
Jarduera-tasari begiratuz gero, Araba da kopuru handiena azaltzen duena (% 56,85), haren atzetik Bizkaia dago (% 56,33) eta hirugarren postuan Gipuzkoa (% 54,74) agertzen da.
Bestalde, 700 pertsona gehiago daude langabezian Nafarroan (% 2,19 hazi da). Hartara, 31.500 lagun langabezian daudn Foru Erkidegoan (% 10,25).
Estatuko datuak
Azkenik, EPAk erakusten duenez, Estatu espainiarrean 17.200 langabe gehiago daude, hau da, guztira 4.255.000 pertsona. Datu horien ondorioz, % 18,75era arte igo da langabezia-tasa.