Ekonomia -
Negoziaketak
Gobernuak baztertu egin du kontrolatzaileak Blancorekin biltzea
Sustapen Ministerioak gogorarazi du "negoziazio mahaia dela kontrolatzaileek aldarrikapenak egiteko lekua". Aire-kontrolatzaileen sindikatuak gaur egingo du biltzeko eskari ofiziala.
Erredakzioa
Espainiako Sustapen Ministerioak, aire-kontrolatzaileen sindikatuak Jose Blanco ministroarekin biltzeko egingo duen eskariari erreferentzia eginez, "erabat gezurtatu" du bilera hori egingo dela.
Ministerioak igorritako prentsa-ohar batean, zenbait hedabidek eskari horri buruz zabaldutako informazioei erantzun die eta gogorarazi du "negoziazio mahaia dela kontrolatzaileek aldarrikapenak egiteko lekua".
"Mahai horretan lotu behar dira gatazka amaitzeko akordioak, legeak dioen moduan", zehaztu du Sustapen Ministerioak.
USCA aire-kontrolatzaileen sindikatuak baieztatu du gaur egingo dutela Blancorekin biltzeko eskari ofiziala, "enpresarekin ditugun kexak eta egoera azaltzea" helburu.
Camilo Cela USCAren presidenteak 10:00etan egingo du eskakizuna Sustapen Ministerioan, izan ere, haren ustez "AENAren jarrerak agerian uzten du akordioa lotzeko interesa minimoa dela, nahiz eta lan alorrean, baldintza ekonomikoak alde batera utzita, aurrerapausoak eman ditugun".
"Gizartearen aurrean pribilegiatuak bagina bezala aurkeztea da haien kezka bakarra, baina negoziazioaren errealitatea beste bide batetik doa, lan alorra da guretzat interes handiena duena", adierazi du Celak.