Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek hilabeteko greba egingo dute
ELAk aitortu du "etsipena" nagusitu dela langileen artean Aldundiaren erantzunagatik, "herritarren eta langile hauen arazoen aurrean beste alde batera begiratzen duelako".
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek lau asteko greba hasiko dute bihar lan baldintza "duinak" bermatuko dituen lan-hitzarmen bat exijitzeko. Helburu horrekin, ostiral honetan negoziazio bilerak hasiko dira "zentroz zentro", sektoreko lan-hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako, ELAko iturriek jakitera eman dutenez.
Greba protesta ekitaldiekin hasiko da bihar, eta kalejira egingo dute 11:30ean Bilboko plaza Biribiletik abiatuta.
Gaizka Miguel Bizkaiko erresidentzien sektoreko ELAren ordezkariak esan du iazko martxoan, lan gatazka hasi zenean, zuten indar berarekin ekingo diotela grebari.
Miguelek aitortu du "etsipena" nagusitu dela langileen artean Aldundiaren erantzunagatik, "herritarren eta langile hauen arazoen aurrean beste alde batera begiratzen duelako". "Patronalen alboan jartzen da, etekinak ateratzea ahalbidetuz, eta zerbitzuaren pribatizazioak eragin dizkien onurekin".
Azaldu duenez, "zentroz zentroko" negoziazioa abian da dozena bat inguru erresidentziatan eta, ostiralean CRLren barruan hasiko dira.
Egun horretan Gesca eta Lares patronalen bi zentrotan egingo dituzte bilerak. Zentroan ordezkaritza duten sindikatu guztiak daude parte hartzera deituta, eta hurrengo astean jarraipena izango dute.
Aldundiak enpresei ohiko "diru kantitatea ordaintzen jarraitzea" kritikatu du ELAk, horrek grebari "eragina kentzen" diolakoan. "Aldundiari esker, grebak eragin txikiagoa du patronalarengan eta, ondorioz, grebarako eskubidea urratzen ari da", gaineratu du.
Hori dela eta, aztertzen ari omen dira Bizkaiko Aldundiaren kontra "grebarako eskubidea urratzeagatik" salaketa jarri ala ez.
Bestalde, Bizkaiko Aldundiak helegitea jarri du gaur goizean bertan Eusko Jaurlaritzak erresidentzien grebarako jarri dituen gutxieneko zerbitzuak handitzeko, erabiltzaileen "arreta bermatze aldera".