Ekonomia -

Lan-gatazka

Aire-kontrolatzaileak eta Gobernua, irtenbide bat bilatzeko prest

Lan-gatazka negoziazioaren bidez konpon daitekeela uste du kontrolatzaileen sindikatuak, baina Blancoren hitzetan, greba "bidegabea" da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela sei hilabete hasi zen lan-gatazkari negoziaketen bidez irtenbide bat bilatzeko prest agertu dira Sustapen Ministerioa eta aire-kontrolatzaileak. Lan-gatazkak greba bat eragin dezake abuztuan, kontrolatzaileen eskutik.

Daniel Zamit, Aire kontrolatzaileen sindikatuko (USCA) bozeramaileak azpimarratu duenez, greba deialdia eginez gero, ez da abuztuaren 16a baino lehen izango.

Zamitek esan du ez dutela grebarako datarik zehaztu, lan gatazka negoziazio bidez konpondu daitekeela uste dutelako eta greba eginez gero, Jose Blanco Sustapen ministroa erantzule egingo dutela ohartarazi du. Aire kontrolatzaileen kolektiboa ez dago ados Sustapen Ministerioaren lege dekretuaren zenbait punturekin.

Atzoko bozketan kontrolatzaileen % 98,25 lanuztea babestu zuen arren, greba egitea oso neurri arriskutsua dela onartu du ordezkari sindikalak eta sindikatuaren zuzendaritzak "beharrezkoak ez diren arriskurik" ez duela nahi esan du.

Hori horrela, USCAko bozeramaileak greba "beharrezkoa eta egokia" denean egingo dutela zehaztu du.

Gobernua

Bestalde, Jose Blanco Sustapen ministroaren hitzetan, greba "bidegabea" da eta "Ministerioa mantentzeko prest ez dagoen abantailak mantentzea nahi dute".

Dena den, "dena negoziatu daiteke", baina "Legearen barruan".

Ildo horretan, grebak turismoaren sektorearen gain eragina izango duela adierazi du.

Dena den, negoziatzen saiatuko direla gaineratu du.

Negoziaketa

Espainiako Aireportuak eta Airezko Nabigazioak (AENA) urtean 200.000 euroko soldata proposatu die kontrolatzaileei 2013ra arte, baina zerbitzua "normaltasun osoz" eskaintzeko baldintzarekin.

AENAk eta USCA aire-kontrolatzaileen sindikatuak sektorearen II. hitzarmen kolektiboa negoziatzen jarraituko dute ostegun honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea