Ekonomia -

Epaia

Izar enpresa zigortu dute amiantoagatik hildako langile baten auzian

Beharginaren familiari 229.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Gizonak 10 urtez egin zuen lan, inolako babes neurririk gabe, substantziekin kutsatutako ontziak garbitzen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Gizarte arloko 7. epaitegiak Izar Construcciones Navales enpresa zigortu du amiantoagatik hildako langile baten auzian, Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteak ohar batean jakinarazi duenez. Zehazki, 229.302 euroko kalte-ordaina eman beharko die ontziolak gizonaren alargunari eta bi alabei.

P.G.F bihotz-biriketako geldialdi batek jota hil zen 2016an. Urtebete lehenago, ezintasun iraunkor absolutua eman zion Gizarte Segurantzak, amiantoarekin lan egiteagatik garatutako pakipleuritisa edo arnas gutxiegitasun akutua zela eta.

Gizonak 1958 eta 1988 urteen artean egin zuen lan ontzigintzan. Ontzietako sotoak garbitzen eman zituen 10 urte, amianto xaflak ebakitzen eta manipulatzen aritzen ziren beharginekin batera. Jardun horretan ez zuen inongo babes neurririk eduki, epaiak frogatutzat jo duenez. 55 urterekin aurretiazko erretiroa eman zioten.

2011n, amiantoak eragindako pakipleuritisa diagnostikatu, eta lau urte geroago, lanerako ezintasun iraunkor absolutua eman zioten. Gaixotasuna tarteko, oxigeno-bonbona behar zuen arnasteko, eta erietxean jasotzen zuen tratamendua.

Enpresak ez zuen kutsadura saihesteko inongo neurrik hartu. Are, langileek etxera eramaten zituzten laneko arropak, araudiak enpresak egin beharrekoa zela ezarria bazuen ere.

Epaiaren arabera, Izar enpresak 1941eko Segurtasunerako eta Higienerako araudia urratu zuen, baita 1961eko Industria arriskutsuen legedia ere. Epaileak uste du ontziolak araudia bete izan balu arnas aparatuko gaixotasuna gutxiko lituzkeela, "dudarik gabe".

Asviamiek "lotsagarritzat" jo du Izar enpresaren jarrera. Horrez gai, neurriak eskatu dizkie Osalani eta Laneko Ikuskatzailetzari "lanpostuetan dauden eta minbizia eragiten duten substantzien kalteari aurre egiteko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak