Ekonomia -
Laguntza sozialak
Artolazabal: 'DBE defendatzeko iruzurra saihestu behar dugu'
Eusko Jaurlaritzak "baliabide guztiekin" erantzun behar duela esan du, eta ikuskatzeak hobetu eta iruzurra kontrolatzeko unitatea sortu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, gizarte babeserako euskal sistema babestu nahi badugu, ezin ditugu "iruzurreko portaerak" onartu Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan (DBE). Hori dela eta, iruzurraren kontrako unitatea sortzea defendatu du.
Eusko Legebiltzarrean azaldu da Artolazabal, bere sailak martxoan aurkeztutako hamar proposamenak azaltzeko. DBE eta Lanbideko kudeaketaren kontrola hobetzea jaso dute proposamen horien artean; langileak eta erabiltzaileak hatz-marka bidez identifikatzea eta iruzurraren kontrako talde bat sortzea, besteak beste.
Sailburuaren hitzetan, laguntza sozialetan "portzentaje txikia" du iruzurrak, % 1 ingurukoa da, baina Euskadin "elkartasun eta esfortzu handiz" sortutako babeserako sistema azpimarratu eta babestu nahi badugu, "ezin dira portaera horiek onartu".
Horren harira, Eusko Jaurlaritzak "baliabide guztiekin" erantzun behar duela esan du, eta ikuskatzeak hobetu eta iruzurra kontrolatzeko eta horri aurre egiteko neurriak garatuko dituen unitate bat sortuko dituztela iragarri du. Azken horretan, Lanbideko eta beste sailetako barne-kontroleko unitateak hartuko dute parte, Ertzaintzaren laguntzarekin.
Iragarritako hamar proposamenak Enpleguko Euskal Zerbitzuaren kudeaketa hobetzeko direla azpimarratu du Artolazabalek, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta arautzen duen legearen baldintzak ez dituztela aldatzen gaineratu du. Horretarako, proposamena aurkeztuko du Jaurlaritzak maiatzean, eta Legebiltzarreko gehiengoaren babesa lortu nahi du.