Ekonomia -
Ekonomiaren garapena
Eusko Jaurlaritzak bulego bat ireki du Londresen
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak parte hartu du bertan.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak merkataritza-bulego berri bat ireki du gaur Londresen, SPRI enpresa-garapenerako euskal agentziaren bitartez. 'Brexit'a zalantzak eragiten ari den unean dator bulegoaren irekiera, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua bertan izan da. Euskal enpresen esportazioen jomuga nagusietako bat Erresuma Batua da; aurreneko 5 postuetan dago.
Bidaia aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak topaketa bat egingo du merkatu hartan lehiatzen ari diren euskal enpresekin, bilerak egingo ditu Erresuma Batuko Gobernuko eta Parlamentuko ordezkariekin, eta Rolls Royce enpresaren instalazioa bisitatuko du ITPko ordezkariekin batera.
Euskal ordezkari hauek joan dira Londresera Tapia sailburuarekin batera: Javier Zarraonaindia Industria sailburuordea, Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotzeko zuzendaria, Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusia eta Miren Madinabeitia SPRIko Nazioartekotzeko zuzendaria.
Bulego berria "euskal enpresei laguntza emateko"
Eusko Jaurlaritzak Erresuma Batuko merkatua sakon aztertzea erabaki zuen 2016an, bertan dauden euskal enpresei laguntza handiagoa eman, eta Londresen eta Londres inguruan dauden enpresa estrategiko batzuekin harremanak estutzeko (gehienbat, automozio, aeronautika, energia eta burdinbide sektoreetako enpresak dira).
Euskadiren esportazioei laguntzeko eta Administrazioarekiko harremanetan laguntzeko zeregina izango du bulegoak, Erresuma Batua baita euskal esportazioen jomuga nagusietako bat. Era berean, harreman-sare bat sortuko da tokiko zein nazioarteko ordezkariekin, euskal enpresek Erresuma Batuan garatzen duten jarduerari laguntzeko.
Bulego berria SPRIren Kanpo Sarera batuko da, zeinak 16 merkataritza-ordezkaritza dituen gaur egun.