Ekonomia -
Akziodunen Batzarra
Ignacio Sanchez Galan: 'Garoña ez da bideragarria'
Zentrala berriz zabaltzeko eskaera ez egiteko galdegin dio Iberdrolako presidenteak Endesari (erdibana dute Nuclenor, Garoñaren jabea).
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak gaur akziodunen aurrean adierazi duenez, Garoñako zentral nuklearra "ez da bideragarria”. Gaineratu du, Nuclenorren bazkide duen Endesari zentrala berriz irekitzeko baimena ez eskatzeko galdegin diola.
Euskal Herritik gertu dagoen zentralaren geroaz galdetu diote Greenpeacen eta Garoñaren kontrako Foroaren kideek, eta Galanek erantzun du urteak daramatzala Nuclenorrek "galera handiak" izaten. Hala, espero du Endesak ere zentrala berriz zabaltzearen eskaera ez egitea.
Alde guztiei entzungo diela adierazi du Espainiako Gobernuak
Espainiako Energia, Industria eta Agenda Digitalaren Ministerioak gaur jakinarazi duenez, Garoña auziko alde guztien iritzia entzungo du azken erabakia hartu baino lehen. Hala ere, aitortu du oraindik ez dela aldeekin bilerak egiten hasi
Energia Ministerioak entzunaldi aldi bat ireki du auzian inplikatutako aldeek —autonomia erkidegoak, erakunde ekologistak eta enpresak— beren jarrera azaltzeko aukera izan dezaten.
Ministerioak sei hilabeteko epea du Garoñari buruzko erabakia hartzeko. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzearen aldeko ebazpena onartu zuen otsailean, betiere Garoñaren jabe den Nuclenorrek (erdi bana dute Ibedrolak eta Endesak) beharrezko segurtasun neurriak betetzen baditu.
Endesa: Garoñari buruzko eztabaida Nuclerronen baitan egin behar da
Iberdrolari erantzunez Endesak gaur adierazi duenez, Garoñaren etorkizunari buruzko erabakia Nuclenorren baitan egin behar da.
"Garoñari buruzko guztia Nuclenorri igortzen dio Endesak", konpainiako iturriek azaldu dute.
Zentral nuklearra desegiteko eskatu du Garoñaren aurkako Foroak
Garoñaren aurkako Foroak Bilboko Euskalduna Jauregiaren atarian —Iberdrolaren Akziodunen Batzarra dela-eta— protesta egin du gaur goizean, zentral nuklearra behin betiko ixtea eskatzeko.
Begoña Rodriguez eta Paula Gutierrez Foroko ordezkariek Iberdrolaren "hipokrisia" salatu dute, enpresa "berdea" dela saltzen badu ere "energia nuklearra" erabiltzen duelako.
Iberdrola "errentagarriagoa eta handiagoa" izatea lortu nahi du Galanek
Sanchez Galanek Ibedrolaren datuak eman ditu, eta konpainia "handiagoa eta errentagarriagoa" izatea lortu nahi duela erantsi du. Ildo horretan, energia berriztagarriekiko apustua berretsi du eta beste "inork baino lehenago" estrategia horren alde egin izana nabarmendu du.
Iberdrolak akziodunen urteko batzarra egin du gaur Bilbon eta akziodunen aurrean egindako hitzaldian adierazi duenez, taldearen estrategia "aurreikusteko modukoak eta egonkorrak" diren diru sarreretan oinarrituta dago. Gaineratu duenez, kreditu kalifikazio altua duten herrialdeetan inbertsioak egiten ari da eta toki horietan azpiegitura berriak egin beharko ditu.
"Lortutako arrakastei esker, gaur munduko konpainia elektriko nagusienetako bat gara. Gure sektorean erreferente gara eta helburuak lortzeko dugun gaitasunagatik baloratzen gaituzte", adierazi du.
Aurrera begira, Galanek 25.000 milioi euroko inbertsioak iragarri ditu 2016-2020 aldirako. Horietatik % 90 araututako negozioetara edo epe luzeko kontratuetara bideratuko da: % 42 sareetara, % 42 energia berriztagarrietara eta % 7 araututako sorkuntzetara.
Halaber, Iberdrolak 3.500 milioi euroko mozkin garbia izatea espero du urte amaieran, iaz baino % 30 gehiago.
“Albiste ona” dela uste du Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak “oso modu positiboan” hartu ditu Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak Garoñaren inguruan ostiral honetan egindako adierazpenak. Bere esanetan, “ez da bideragarria” zentral nuklear hori berriro martxan jartzea. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, haiek pentsatzen dutenarekin bat egiten dute adierazpen horiek, eta, ondorioz, “albiste ona” da.
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Garoñako zentral nuklearra erabat “zaharkituta” dago. Hala, Iberdrolako presidenteak gai horren inguruan azken urteotan egindako eskakizunekin bat egin duela azpimarratu du Jaurlaritzak.
Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Bergarako (Gipuzkoa) Tximela enpresa bisitatuko du ostiral honetan. Bertan, Ignacio Sanchez Galanek egindako adierazpenen inguruko balorazio bat egingo du.