Ekonomia -

2017ko kontuak

Jaurlaritzak Aurrekontuak onartuko ditu PPren abstentzioari esker

Eusko Jaurlaritzak eta PPk akordio markoa sinatu dute, eta datozen egunetan zehaztuko dute popularrek jatorrizko proiektua zertan aldatuko duten.

PPk eta Jaurlaritzak akordioa sinatu duteneko unea. Argazkia: EiTB
damborenea azpiazu
Aurrekontu akordioa sinatu dute Azpiazuk eta PPk

1:36

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2017ko Aurrekontuak onartuko ditu PPren abstentzioari esker. Jaurlaritzak eta Alderdi Popularrak aurrekontuen inguruko akordio markoa izenpetu dute gaur, eta datozen egunetan popularrek zuzenketa batzuk aurkeztuko dizkiote aurrekontu proiektuari.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak eta Anton Damborenea PPk Ekonomia gaietarako duen bozeramaile eta legebiltzarkideak sinatu dute akordioa Eusko Legebiltzarrean. Osoko zuzenketa ez aurkezteko eta gainerako taldeek aurkeztuko dituzten osoko zuzenketak ez babesteko konpromisoa hartu du Alderdi Popularrak.

PPk 29 milioi euroko balioa duten zuzenketa partzialak aurkeztuko dizkio Eusko Jaurlaritzaren jatorriko aurrekontu proiektuari.

2017rako 11.059 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du Jaurlaritzak, iaz baino % 1,2 handiagoa (126 milioi). Beraz, PPk aurkeztuko dituen osoko zuzenketak Aurrekontu osoaren % 0,25ari eragingo dio.

Sinaduraren ostean Pedro Azpiazuk adierazi duenez, akordioa "positiboa" da eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritza "pozik" dago. Aurrekontuen inguruko adostasunak beste akordio batzuei bide eman diezaioketen galdetuta, ez du aukera horri buruzko gogoetarik egin nahi izan.

Anton Damborenean esanetan, Eusko Jaurlaritzaren eta PPren arteko akordioa "albiste oso ona" da. Gaineratu duenez, PPren bederatzi legebiltzarkideak abstenitu egingo dira Aurrekontuei buruzko bozketan.

Bestalde, EH Bilduk aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diola iragarri du gaur, aurrez Elkarrekin Podemosek iragarri zuen moduan.

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko die Aurrekontuei

Leire Pinedo eta Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideek gaur kazetarien aurrean iragarri dutenez, koalizioak osoko zuzenketa aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari.

Salatu dutenez, EAJk ez du inoiz borondaterik izan EH Bildurekin akordioa lortzeko. Koalizioko kideen esanetan, EAJk "txeke zuria" eskatu die, aurrekontuko koma bakar bat ere aldatzeko aukerarik gabe.

Casanovak Madrilen eta "ezkutuan" egindako akordioa dela salatu du. "EAJk Espainiara, eskuinera begiratu du, euskal gizarteari bizkarra emanda", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak Ekonomia EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Euskadiko Aurrekontuak 2024