Ekonomia -

2017ko kontuak

Gaur izenpetu dute Jaurlaritzak eta PPk aurrekontuen akordioa

Jaurlaritzako iturriek EiTBri baieztatu diote albistea. Alfonso Alonsoren hitzetan, litekeena da PPk zuri bozkatzea.

urkullu alonso

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Alderdi Popularrak gaur izenpetu dute bi aldeek aurrekontuen inguruan lortutako "akordio orokorra", EiTBri Jaurlaritzako iturriek baieztatu diotenez.

Akordioa sinatzeko ekitaldia 12:30ean egin dute, Eusko Legebiltzarrean, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua eta Anton Danborenea PPk Ekonomia gaietarako duen bozeramaile eta legebiltzarkidea bertan zirela.

EAJren eta PSE-EEren koalizioko gobernuak ez du gehiengorik Ganberan, eta gutxienez talde baten abstentzioa behar du aurrekontuak onartu ahal izateko. Oposizioko taldeekin bi bilera sorta egin ondoren, PPrekin 'akordio orokorra' lortu zuela iragarri zuen Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak martxoaren 15ean.

Adostutakoaren arabera, PPk helegiteen bidez proposatutako hainbat diru-partida, 25 milioi euro inguru, erantsiko dizkiote proiektuari.

Alonso: "Logikoena, abstentzioa"

Aurrekontuak onartzen laguntzeko erabiliko duen moduaz galdetuta, "normalena abstentziora jotzea" litzatekeela esan du Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak. Dena den, "negozioaren baitan" dagoela onartu du.

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, pozik agertu da Alonso erdietsitako akordioarekin, eta Jaurlaritzaren "eredu sozial eta ekonomikoaren norabidean" eragin ahal izan dutela nabarmendu du. Alonsoren berbetan, "gure helburua izan da ekintzaileengan, familiarengan, enpleguan, eta Administrazioaren gastua eraginkor bihurtzen eragitea. Bagenekien ezin genituela aurrekontuak hankaz gora jarri, baina norabidean eragin genezake, beste eredu bat proposatu".

Alonsoren aburuz, EAJk badu orain, euren babesa lortu ostean, "erantzukizuna" Madrilen, baina ez du uste "zorretan" dagoenik.

"Aurrekoan, zamaketarien dekretuaren eztabaidan, erantzukizunez jokatu zuen EAJk. Jarrera bera izatea nahiko nuke Estatuko aurrekontuetan ere. Izan ere, garrantzitsua da kontuak onartzea, bestela, ziurgabetasun egoera batean egongo ginatekeelako, eta hori txarra da", adierazi du Alonsok.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Ekonomia 2024 Euskadiko PP Eguneko albisteak Aurrekontuen azken ordukoa