Ekonomia -

Madrilgo Kongresuan

Lan erreformak aurrera egingo du, lehen oztopoa gainditu ondoren

Osoko zuzenketen eztabaida gainditu du egitasmoak Kongresuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan erreformarako Lege egitasmoak aurrera egingo du Madrilgo Kongresuan, osoko zuzenketen eztabaida gainditu ondoren. Orain, testuaren atalei egindako zuzenketak eztabaidatuko dituzte.

Izan ere, taldeek gaur bertan aurkeztu behar dituzte zuzenketa horiek. Datorren astean, Kongresuko Lan Batzordean eztabaidatuko dituzte.

Gaurko osoko bilkuran, ERC-IU-ICVk eta BNGk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota dituzte.

Eztabaida bukatzean, Celestino Corbacho Lan ministroak testuari egindako zuzenketen eztabaidan "seguruenik" legea zehaztu beharko dutela onartu du. Bere ustez, kaleratze objektiboak onartzeko arrazoiak "hobeto zehaztu" behar ditu lege berri honek. Corbachoren hitzetan, Gobernuak kaleratze objektiboak erabiltzeko arrazoiak "ahalik eta gehien" zehazteko "borondate argia" dauka.

Gastu-muga

Horrez gain, datorren urteko Aurrekontuen gastu-muga aurrera ateratzea lortu du PSOEk. Goizean, Senatuak atzera bota badu ere, sozialisten 169 botoak nahikoak izan dira arratsaldean, Kongresuan, egitasmoa onartzeko.

Gaurko emaitza atzokoaren oso parekoa izan da. Ezberdintasun bakarra, Antonio Vazquez popularraren botoa izan da. Akats baten ondorioz, PSOEren gastu-mugaren alde bozkatu du.

Gastu-muga ezartzea lehen urratsa da 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko. Eztabaida irailaren amaieran edo urriaren hasieran egingo dute. Gobernuak proposatutako gastu-mugak iazkoa baino % 7,7 txikiagoa da.

Kutxen Legea

Azkenik, Aurrezki Kutxen Lege berria ere balioztatu du Kongresuak gaur arratsaldean, sozialisten eta popularren botoekin.

CIU eta EAJ abstenitu egin dira, eta gainontzeko talde parlamentarioak kontra azaldu dira. Lege berriari esker, kapital pribatua eskuratzeko erraztasunak izango dituzte kutxek, eta hautetsiek ezingo dituzte eserlekurik bete kutxetako zuzendaritzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea