Ekonomia -
Etxebarri-Matiko
Apirilaren 8an inauguratuko dute Bilboko Metroaren 3. linea
Etxebarri eta Matiko zazpi minutu eta erdian lotuko ditu Euskotrenek kudeatutako linea berriak. Lanek 279 milioi euroko aurrekontua izan dute.
Eitb.eus
Apirilaren 8an inauguratuko dute Bilboko Metroaren hirugarren linea, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eitb.eusi jakitera eman dionez. Linea berriak Etxebarri eta Matiko lotuko ditu.
Hirugarren linea Euskotrenek kudeatuko du, eta Etxebarri eta Matiko lotuko ditu, zazpi minutu eta erdian. Denera, 70.000 pertsonari emango die zerbitzu.
5.885 metroko linea horrek zazpi geltoki izango ditu: San Antonio (Etxebarri), Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpikaleak, Uribarri eta Matiko.
Linea berria egiteko 279 milioi euroko aurrekontua izan dute, Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
Lan horiei esker, Bilboko Metroa Euskotrenen aldirietako zerbitzuarekin lotuko dute.