Ekonomia -

Negoziaketak

Kontuak adosteko talde bat aukeratu dezan eskatu diote Jaurlaritzari

Gutxienez oposizioko alderdi politiko baten abstentzioa behar du Eusko Jaurlaritzak. Litekeena da EH Bilduren eta PPren artean aukeratzea.

Jaurlaritza Elkarrekin Podemos eta PPrekin bildu da

1:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017rako aurrekontuen inguruan akordio bat ixteko lehenbailehen oposizioko talde bat aukeratu dezan eskatu diote astelehen honetan EH Bilduk eta Alderdi Popularrak Eusko Jaurlaritzari. Kontuak aurrera eraman ahal izateko gutxienez oposizioko alderdi politiko baten abstentzioa behar du Eusko Jaurlaritzak.

Astelehen honetan aurrekontuak negoziatzeko bigarren bilera-erroldari hasiera eman dio Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak. Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularrarekin bildu da arratsaldean, eta, asteartean, EH Bilduko ordezkariekin aurtengo aurrekontuak aurrera eraman ahal izateko ados jartzen ahaleginduko da.

Azpiazuk joan den ostegunean azaldu zuenez, Jaurlaritzak hurrengo asteazkenerako itxi nahi du akordioa. Dena dela, Elkarrekin Podemosen eskaerek negoziaketak zailtzen dituela esan zuen Ogasun sailburuak.

Gauzak horrela, aurrekontuak negoziatzeko EH Bildu eta PPren artean erabaki beharko luke Eusko Jaurlaritzak. Ildo horretatik, akordio bat bilatzeko lehenbailehen talde bat aukeratu dezan eskatu diote Jaurlaritzari.

Elkarrekin Podemosek ohar baten bidez jakitera eman duenez, “eskatutako norabide sozialari ateak itxi dizkio Jaurlaritzak”. Dena dela, negoziatzeko prest dagoela esan du alderdiak, eta akordioa bilatzeko eskua luzatu dio Azpiazuri.

Beste alde batetik, Alderdi Popularra akordio bat bilatzeko prest dagoela azpimarratu du Anton Damborrenea PPko legebiltzarkideak, eta ostiralean Jaurlaritzak bidali zion txostena egokitzat hartu du.

Alabaina, oraindik ez duela Jaurlaritzarekin ezer negoziatu ziurtatu du. Ildo horretatik, Alderdi Popularra bezalako alderdi “zentrista” batekin edo EH Bildurekin, “guztiz kontrakoa”, negoziatu nahi duen aukeratu behar duela gogoratu du.

Biharko bileraren aurrean, Maddalen Iriarte eta Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideek bere eskaeren berri emateko agerraldia egin dute. Ildo horretatik, akordio bat ixteko 164 milioi euro beste arlo batzuetara bideratzea proposatu nahi diote Jaurlaritzari.

Gauzak horrela, etorkizunari gehiengo sozialarekin begiratu nahi dion, edo, bestalde, Euskal Herria kolokan jartzen duen gutxiengoarekin negoziatu nahi duen argitu behar duela esan dio Maddalen Iriartek Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Eusko Jaurlaritza albisteak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Nafarroa Euskadiko PP bideoak Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi