Ekonomia -
Kongresua
PSOEk Aurrekontuen gastu-muga onartzea lortu du
CIUren, CCren eta UPNren abstentzioek ahalbidetu egin dute sozialisten garaipena. Gastu-muga ezartzea lehen urratsa da Aurrekontuak onartzeko.
Erredakzioa
Datorren urteko Aurrekontuen gastu-muga aurrera ateratzea lortu du gaur gauean PSOEk, bere 169 diputatuen botoei esker. Sozialisten parlamentarioak nahikoak izan dira bozketa irabazteko, CIU, CC eta UPNren abstentzioei esker.
Aurretik, Josep Antoni Duran i Lleida CiUk Kongresuan duen bozeramaileak iragarri egin du abstenitu egingo zirela hurrengo urteko Aurrekontuen gastu-muga ezartzeko bozketan.
Nolanahi ere, Duran i Lleidak zehaztu du Aurrekontuen bozketan aurka egingo dutela, sozialisten aroa "amaitu" egin dela uste baitute.
Gastu-muga ezartzea lehen urratsa da 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko. Eztabaida irailaren amaieran edo urriaren hasieran egingo dute.
Gobernuak proposatutako gastu-mugak iazkoa baino % 7,7 txikiagoa da.
Behin betiko bozketa, bihar
Gaurko izapidea gainditzea espero bada ere, gastu-muga Senatura pasatuko da bihar goizean, eta han oposizioak gehiengoa duenez, atzera bota ahalko du.
Hortaz, bihar arratsaldean bertan Kongresura itzuliko da berriz, eta PSOEk gaurko babesak errepikatu baino ez du behar izango, behin betiko onartzeko.
Salgado
Espainiako ekonomiak 2010ean "indarra hartuko" duela esan du Elena Salgado Ekonomia ministroak, eta azken erakusleek "oso seinale positiboak" eman dituztela erantsi du.
Hala ere, Exekutiboak onartutako herstura neurriek, 2011n, kontsumoan eta inbertsio publikoan eragin negatiboa izango dutela adierazi du Salgadok, baina azken hilabeteetan kontsumo pribatuak izan duen hazkundea azpimarratu du.