Ekonomia -
CajaSur erosi eta gero
BBKren egoitza soziala Bilbon mantentzeko eskatu dute ELAk eta CCOOk
Andres Ocaña Kordobako alkatea Bilbora etorri da, 'Cosmopoética'ri bihar eman behar dioten saria jasotzera. Gaur, Mario Fernandez BBKko presidentearekin bilera egin du.
Erredakzioa
Cajasur erosi ostean, BBKko egoitza soziala Bilbon mantentzeko eskatu dute ELA eta CCOO sindikatuek. Gainera, aurrezki kutxako langileen lan-baldintzak bermatuko direla eskatu dute.
Mario Fernandez BBKko presidentearekin bildu ostean egin dituzte adierazpen hauek sindikatuetako ordezkariek. Fernandezek erosketaren nondik norakoak azaldu dizkie sindikatuei.
Fernandezen arabera, aurrezki kutxaren lanpostuak bermatuak daude Andaluzian.
Bilera 11:00etan hasi da ELA, LAB, CCOO, UGT, Aspem eta Ale sindikatuekin.
Erakundearen egoitza Bizkaian jarraituko duela ohartarazi du BBKk ohar baten bidez. Hori baino lehen, "Bizkaia ez den beste lurralde batetik zuzendua ez izateko" eskatu dio ELAk eta kutxaren "izaera soziala" azpimarratu du.
Bestalde, BBKko eta CajaSur-eko zuzendaritzak Kordoban bildu dira gaur goizean, bien arteko egoera berria aztertzeko helburuarekin. Espainiako Bankuak ostiralean iragarri zuen BBKk CajaSur kontrolpean hartu duela.
Egunean zehar, CajaSurreko hainbat ordezkariekin bildu dira, Andaluzian. Horrez gain, BBKk Andaluzian dituen kutxen arduradunekin ere eseriko dira gaur.
Ignacio Sánchez-Asiain BBKko zuzendari nagusia Mario Fernandezek gidatzen duen kutxako ordezkaritzako burua izango da Andaluzian.
CajaSurreko ordezkariekin egingo dituzten bilerez gain, Andaluziako BBKko arduradunekin ere bilduko dira gaur. BBKk 31 bulego ditu Andaluzian, horietako 2 Cordoban.
Bestalde, Andres Ocaña Kordobako alkatea Bilbora etorri da, ''Cosmopoética''ri bihar eman behar dioten saria jasotzera. Bitartean, gaur Mario Fernandez BBKko presidentearekin bilera egin du.