Ekonomia -
Kreditu-tasa
Bankuen berankortasuna 100.000 milioitik gora jarri da lehenengoz
Tasa kalkulatzeko kontuan hartzen diren hiru taldeetatik, aurrezki kutxen kredituek erakutsi dute berriro kalitate okerrena.
Erredakzioa
Espainian lan egiten duten banku, aurrezki kutxa eta kooperatibek enpresa eta partikularrei eskaintzen dizkieten kredituen berankortasuna % 5,7ra iritsi zen maiatzean, Espainiako Bankuak gaur argitaratutako datuen arabera.
1995eko ekainetik izan duen maila altuenean jarri da beraz, 100.000 milioitik gora jarriz. Apirileko 99.894 milioitik maiatzeko 100.372 milioira igaro da, hain zuzen ere.
Berankortasun-tasa kalkulatzeko kontuan hartzen diren hiru taldeetatik, berriz ere, aurrezki kutxen kredituen kalitatea okerrena izan da; izan ere, % 5,5eko mailan kokatu zen, bankuen (% 5,4) eta kooperatiben (% 4,1) aurretik.
Kredituak emateko finantza erakundeak ez dira Espainiako finantza sistemaren berankortasun neurketa horren barruan sartzen, besteak beste, ehuneko orokorra ez eraldatzeko; izan ere, horien berankortasuna % 10,7koa izan zen maiatzean, gainerako erakundeen ia bikoitza.
Zalantzazko kredituek gora egin dute; krisia baino lehen % 1ekoak baziren, egun, % 5,5era igo dira, eta oraingoz, adituen arabera, ez da joera hori aldatuko. Beraz, 2007an higiezinen inguruan sortutako burbuilaren eztandak, batetik, eta langabeziaren etengabeko gorakadak, bestetik, eragina izan dute goranzko joera horretan. Goranzko joera horren eragile nagusia higiezinen sektorea izan da; berankortasun-tasa izugarri igo (12gatik biderkatu da) da azken boladan eta sektoreko zalantzazko maileguen erdia pilatzen ditu.
Datorren ostiralean Europako 91 finantza erakunderi egindako fidagarritasun frogak ezagutzera emango dituzte; besteak beste, Espainiako 27 bankuri eta aurrezki kutxei testa egingo diete.