Ekonomia -
Negoziazioak
PP, aurrekontuak babesteko prest, 'muturreko ezkerrari' aurre egiteko
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek proposatutako zerga erreformaren "noraezari" kontra egin behar zaiola uste dute 'popularrek'.
Agentziak | Erredakzioa
"Aurrekontu proiektua babesteko prest gaude muturreko ezkerrak proposatzen duen noraezari aurre egiteko". Argi hitz egin du Anton Danborenea EAEko PPren bozeramaile ekonomikoak, 2017ko aurrekontuak tarteko, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin egindako bileraren ostean.
Jaurlaritza aurtengo aurrekontuak aurrera ateratzeko babes bila dabil, eta horren harira, bilera sorta abiatu zuen atzo Azpiazuk. EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin bildu zen asteartean, eta gaur, PPren ordezkaritzaren txanda izan da. Damborenea bera, Nerea Llanos EAEko PPren idazkari nagusia eta Borja Semper Legebiltzarreko bozeramailea izan dira Lakuan.
Hain justu, bezperan ezkerreko bi alderdiek proposatutako zerga erreforma hartu du ahotan PPk, saihestu beharrekoa dela esateko. "Erdi mailako klaseei zergak igotzearen kontra gaude", adierazi du. Hala, Eusko Jaurlaritzari aukeratzeko deia egin dio: "Esan dezala aurrekontuak norekin adostu nahi dituen: gurekin, EH Bildurekin edo Podemosekin".
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizio gobernua boto baten faltan dago aurrekontuak onartu ahal izateko. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, talde "guztiek" egindako proposamenak aztertzeko prest dago, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek proposatutakoak onartzeko "zailak" direla aitortu badu ere.