Ekonomia -

Bilbao Bizkaia Kutxa

BBKk CajaSurren kontrola hartu du

Espainiako Bankuaren batzorde betearazlea gaur goizean bildu da eta jasotako eskaintzak aztertu ostean, BBKk CajaSur haren kontrolpean jartzea erabaki du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBKk CajaSur kontrolpean hartu du, izan ere, Espainiako Bankuak Kordobako kutxa Mario Fernandezek gidatzen duen erakundeari ematea erabaki du. Horrela baieztatu dute CajaSurreko arduradunek.

FROBeko kontseilua bart gauean bildu zen CajaSurren kontrola eskuratzeko jasotako eskaintza guztiak aztertzeko. Izan ere, joan den maiatzaren 22an, Unicajan sartzeko operazioak kale egin ostean, Espainiako Bankuak arazoan parte hartzea erabaki zuen.

Gaur goizean, Espainiako Bankuko batzorde betearazlea bildu da eta, azkenean, BBKri eman dio CajaSurren kontrola.

Hasiera batean, finantza iturriek adierazi dutenaren arabera, CajaSurren kontrola hartzeko hautagaiak BBK, Unicaja, Cajasol, Banco Sabadell eta Banca Civica ziren.

BBKk "bideragarritasuna bermatuko" du

Bilbao Bizkia Kutxak "proiektu sendo eta errealista bat aurkeztu" duela adierazi du eta "CajaSurren etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko" duela gaineratu du. Horrez gain, "Kordoban eta Andaluzian gizarte-ekintza" mantenduko duela esan du.

BBKk argitu duenaren arabera, Cajasurreko aktiboak eta pasiboak ehuneko ehun kutxa bizkaitarraren esku izango den banku batekoak izatera pasako dira.

Eskuraketa honekin, Bilbao Bizkaia Kutxa Espainiako zazpigarren finantza erakundea bilakatuko da, 48.700 milioi eurotako aktiboekin. Horietako 29.800 kutxa bizkaitarrarenak dira eta, gainontzakoak, Kordobakoarenak.

Mario Fernandez BBKko presidenteak adierazi du "kutxak ehun urtetan lortu duen ondarea arriskuan jarri gabe, lehiakorragoak izateko eta bezeroei zerbitzu hobea emateko tamaina handiko helburu baten lehen pausua da operazio hau".

Aguirre

Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak azaldu duenez, BBKk CajaSur eskuratzeak euskal aurrezki-kutxen bat-egitea "bizkortu" dezake.

Espainiako Bankuak CajaSur BBKren eskuetan uztea "oso positiboa da euskal aurrezki-kutxarentzako eta baita EAErentzako ere", BBK berrindartzen duelako Espainiako finantza-merkatuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea