Ekonomia -

Langabezia tasa

Langabeziak gora egin du otsailean EAEn; behera, Nafarroan

Euskal Autonomia Erkidegoan % 0,10 hazi da tasa, eta Nafarroan % 1,27 jaitsi da.

Langabeziak gora egin du otsailean EAEn; behera, Nafarroan

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilean baino 346 langabe gutxiago zenbatu dituzte otsailean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, bi erkidegoetan langabeziak joera ezberdina izan arren. Izan ere, EAEn % 0,10 egin du gora langabezia tasak, eta % 1,27 egin du behera foru erkidegoan, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak gaur emandako datuen arabera.

Hain zuzen ere, 139.223 lagun zenbatu dituzte otsailean EAEko enplegu bulego publikoetan izena emanda, urtarrilean baino 146 gehiago. Nafarroan, 522 pertsonak lortu dute lanposturen bat, baina 40.720 pertsona daude oraindik langabezian.

Urte arteko datuari erreparatuta, 2016ko otsaileko datuekin alderatuta, bi erkidegoetan behera egin du langabeziak: % 9,92, EAEn (15.332 langabe gutxiago), eta % 9,70, Nafarroan (4.376 langabe gutxiago).

Gizarte Segurantzaren afiliazioari dagokionez, gora egin du bi erkidegoetan, igoera apala izan bada ere: % 0,27koa EAEn (918.543 pertsona, 2.441 gehiago), eta % 0,64, Nafarroan (263.801 pertsona, 1.672 gehiago).

Lurraldeka

Lurraldeka, Nafarroan eta Araban bakarrik jaitsi da langabezia. Foru erkidegoan, 346 langabe gutxiago daude (% 1,27, 42.720 pertsona langabezian), eta Araban, 190 gutxiago (% 0,83 %, 22.593 langabe). Langabeziak gora egin du Gipuzkoan eta Bizkaian. Lehenengoan, 19 pertsonak eman dute izena Lanbideren bulegoetan (guztira, 37.848 langabe); Bizkaian, 317k (78.782 langabe).

Hego Euskal Herrian langabezian dauden 179.943 lagunetatik 99.255 emakumeak dira, eta 89.968 gizonak. 12.810ek 25 urte baino gutxiago dituzte.

Sektoreka, langabeziak behera egin du Eraikuntza eta Industrian, eta Nekazaritzan, gora. Zerbitzuen sektoreak joera ezberdina izan du EAEn eta Nafarroan: gora egin du Euskadin (162 langabe gehiago), eta behera, Nafarroan (433 langabe gutxiago).

Estatuan, 9.355 langabe gutxiago zenbatu dituzte otsailean. Guztira, 3.750.876 lagun daude langabezian. Iazko datuekin alderatuz gero, % 9,68 jaitsi da langabezia tasa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Gaurko azken orduko albistea