Ekonomia -

'Euskal Y'a

Behin betiko akordioa: Honelakoak izango dira AHTaren geltokiak

Jaurlaritzak, Sustapen Ministerioak eta hiru hiriburuetako alkateek behin betiko akordioa lortu dute AHTaren sarbideei buruz.

Horrelakoa izango da AHTren sarbidea Bilbon. Infografia: irekia
Horrelakoa izango da AHTren sarbidea Bilbon. Infografia: irekia
Honelakoak izango dira AHTren geltokiak euskal hiriburuetan

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak akordio politikoa lortu dute astearte honetan, Abiadura Handiko Trenak hiriburuetan izango dituen behin betiko sarbideak ezartzeko. Dena dela, ez dute epe eta aurrekontu zehatzik aipatu.

Iñigo de la Serna Sustapen ministroak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak bilera egin dute Madrilen. Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak ere izan dira bertan.

Aldeek Madrilen duela hilabete izandako bileran, akordio teknikoa hitzartu zuten.

De la Sernak prentsaurrekoan adierazi duenez, akordioa "pauso erraldoia" da abiadura handiko trena EAEra irits dadin, baina epe eta aurrekontu zehatzei buruz hitz egitea "arduragabekeria" litzatekeela gaineratu du.

Honelakoa izango da Bilboko geltokia

Abiadura handiko trenbidea Abusu eta Abando arteko trenbide bikoitzeko tunel berri baten bitartez lotuko da Abandorekin (2,1 kilometro luze): Basauri-Abusu zatiaren amaieratik abiatuko da, Cantalojas tunelaren azpitik, egungo trenbidearen azpitik, gurutzatuta iritsiko da eta geltoki berriko pantailen gunera sartuko da.

Geltoki berria lurpean egingo da, eta trenbideak bi mailatan izango dira: -2 mailan, abiadura handiko trenbideak eta nasak egongo dira (8 trenbide), eta, -1 mailan, RENFEren aldiriko trenbideak eta nasak (5 trenbide) eta FEVE (3 trenbide).

Eraikin bakarrean egongo dira bidaiariei arreta emateko zerbitzu guztiak, eta horrekin intermodalitatea sustatuko da eta aldiriko, FEVEko eta abiadura handiko trenbidearen zerbitzuak barneratuko dira.

Proiektu berri honi esker hiri-garapen berri bat ahalbidetuko da 90.294 m-ko azalerako lur-sailean, eta bertan trenbide-zerbitzuak integratuko dira eta bizitegi- eta ekipamendu-erabilerako hiri-bilbe berri bat sortuko da hirigunean.

Honelakoa izango da Gasteizko geltokia

Gasteiz abiadura handiko sare berriarekin, Arratzua-Ubarrundiatik geltoki berrira artean lotzeko, behin betirako alboratu da Lakuatik  igarotzen zen bidea eta Arkautitik egitea adostu da.

Horrenbestez, eta legeak agindu bezala, 3 alternatiba aterako dira informazio publikora, eta egingo den txosten informatiboaren bidez erabakiko da zein izango den aukerarik onena; ingurugiroan eragin txikiena izango duena eta teknikoki eta ekonomikoki abantaila gehien eskainiko dituena.

Lehenengo aukera, Arkauti mendebaldean (7,2 km), lurpean joango da, ia 2 kilometroko tunel batetik. Bigarrena, aurrekoaren toki berean (Arkauti mendebaldean), lurrazalean planteatzen da, biaduktu bidez. Hirugarren soluzioa Arkauti ekialdera planteatzean da, lurrazaletik eta biaduktuekin (8,7 km), eta erabat saihesten du Salburuko hezegunearen gaineko erasana.

Txosten informatiboak finkatuko du zein izango den aurrera aterako den behin betiko konexioa, ingurumenean izan dezakeen eragina kontuan hartuz eta teknikoki eta ekonomikoki ere aukera onena hobetsiz.

Konexio-proposamen guztiek hiriaren erdigunetik lurperatuta pasatuko den ibilbide berri batean egingo dute bat. Honek guztira 2,9 kilometroko luzera izango du (Salburua Bulebarra eta Gaztelako Atea bitartean), eta Dato kalean beste geltoki bat izango da lurpean.

Trenbide sektorearen legearen arabera, txosten informatiboa sortu beharko da ibilbide berria bideratu ahal izateko, eta txosten horren garapenean bi konponbideak aztertuko dira lehen aukerak eskaintzen dituen abantaila konstruktiboekin batera bigarren aukerak dituen abantaila funtzionalak uztartzeko modua bilatzeko. Bide batez, gaur egun trenbideak betetzen duen lur eremua libre gera daiteke, hiriaren erabilerarako. Dato kalean egun dagoen geltokia abiadura handirako sarbide izan daiteke, Green Capital plazan egingo den eta Iradierko aparkalekuarekin lotura izango duen sarbidearekin batera.

Honelakoa izango da Donostia geltokia

Geltoki berriaren proiektuak aurreikusten du eraikin berria, eta bakarra, egungo aldiriko tren-geltokian. Geltokiaren egungo fatxadaren arkitektura gordeko da, eta proiektatutako eraikin berrian integratuko da. Eraikin hori kalean bertan izango da, bi solairu izango ditu eta agerian utziko du Tabakalera eraikinaren fatxada. Plaza (terraza) handi bat sortuko da trenbide eta nasa gainean.

Geltokiak atondo nagusi bat izango du, aldiriko trenen eta ibilbide luze eta ertaineko trenen erabiltzaile guztiek partekatuko dutena, eta bertatik sartu ahal izango da autobus-geltoki berrira eta bi solairuko aparkalekura ere. Horrela, intermodalitatea optimizatuko da eta bertan bateratzen diren garraiobide publiko guztien erabiltzaileen joan-etorriak minimizatuko dira.

Zehaztutako proposamenaren arabera, ibilbide ertaineko trafikoak (Intercity) eta ibilbide luzekoak (UIC zabalera) 3 nasa nagusi izango dituzte. Nasa horietara sartzeko bi mailak komunikatuko dituen azpiko pasabide bat proposatzen da.

Bestalde, aldiriko trafikoak aldamenetako bi trenbideak hartuko ditu (1 eta 6), eta zabalera mistokoak izango dira (3. erraila). Trenbide horiek salgaietako trafikoarekin partekatuko dira. Nasara sarbidea zuzena izango da atondo nagusitik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala albisteak Donostiako Udala Bilbo gaur Donostia argazkiak Ekonomia 2024 Gasteiz Eguneko albisteak Abiadura Handiko Trena