Ekonomia -

lan-gatazka

Lau asteko beste greba bat egingo dute zahar-etxeetako langileek

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna, hasiko dute protesta berria, emakumeak izateari egozten baitiote gatazka ez konpondu izana.

Bizkaiko zahar-etxeetako langileak, greban. Artxiboko argazkia: EiTB
Bizkaiko zahar-etxeetako langileak, greban. Artxiboko argazkia: EiTB
Bizkaiko zahar-etxeetako langileak, greban. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredkazioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko zahar-etxeetako langileek, ELA sindikatuaren babesarekin, gaur jakitera eman dutenez, beste lau asteko greba egingo dute, eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa azaldu dute, sektoreko patronalek euren aldarrikapenak aintzat hartzen dituzten arte.

Otsaila osoan greban egon ostean, langileek bilera egin eta beste greba deialdi bat egitea adostu dute gaur. Deialdi berri horri martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, ekingo diote; izan ere, euren ustetan, daukaten lan-gatazka orain arte konpondu ez izateko arrazoia bertako protagonistak emakumeak direlako da.

Prentsaren aurrean sektorean nagusi den ELA sindikatuko ordezkariekin batera egin duten agerraldian langileek ohartarazi dute ez diotela mobilizazioak egiteari utziko euren eskariak erdietsi arte.

Eskatzen dutena da euren lanaldia 1.592 ordura murriztu dadila, sektoreko langileek 1.200 euroko gutxieneko soldata jaso dezatela eta langile eta gaixoen arteko ratioak hobetu daitezela.

Langileak "kokoteraino" daudela adierazi dute patronalaren "immobilismoaren" eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarreraren aurrean. Azken horri sektoreko enpresaburuekin “erabateko adostasunean egotea” leporatu diote.

Gaizka Miguel ELAko ordezkariaren aburuz, gatazka konpontzeko "gakoa" Diputazioak dauka; izan ere, haren esanetan, zerbitzuaren arduraduna den heinean, Aldundiak enpresei “eskatu” behar die haien zentroetan beste baldintza batzuk ezar ditzatela.

Bere aldetik, Bizkaiko zahar-etxeetako GESCA patronalak gaur ziurtatu duenaren arabera, Bizkaiko zahar-etxeek adinekoen "laguntza integrala bermatzen dute".

Ohar baten bidez zabaldu dutenez, GESCA barruan dauden enpresek "askogatik gainditzen dituzte" dagokion araudian ezarritako langileen ratioak.

Aldi berean, ezarrita dauden gutxieneko zerbitzuak gainbegira ditzatela eskatu du patronalak, "adinekoei eskaintzen zaizkien zerbitzuak babestuta egon daitezen" greban zehar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Eusko Langileen Alkartasuna Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea Lan gatazkak azken ordukoa Bizkaiko Foru Aldundia