Ekonomia -

Lan sistema berria

Sestaoko ACB lantegiak egunero ekoizteari ekin dio

ArcelorMittalek altzairu ekoizpena bikoiztu nahi du, hilean 15.000 tona barik 30.000 tona ekoizteko.

Sestaoko ACB lantegia. Artxiboko argazkia: EiTB
Sestaoko ACB lantegia. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko ACB lantegia altzairua egunero ekoizten hasi da, eta abian jarritako lan egiteko sistema berriari esker hilean 30.000 tona ekoizteko asmoa du, enpresako iturriek azaldu dutenez.

Altzairutegia zazpi hilabetean geldirik egon zen, eta irailean altzairua ekoizteari ekin zion berriro, asteburuetan bakarrik lan eginez, txandaka, eta hilean 12.000 tona ekoitzi dituzte.

Gerora, ekoizpena handitzeko eta hilean 30.000 tona ekoizteko asmoa agertu zuen zuzendaritzak, eta enpresa batzordearekin lan egutegi bat adosten saiatu zen, baina ez ziren ados jarri.

Lan egiteko sistema berria ezarrita, egunero ekoitzi nahi du altzairua. 12 orduko txandatan ekoitziko dute asteburuetan; aste barruan, berriz, sei orduko txandak egingo dituzte, gaueko hamabietatik eguerdiko hamabietara.

Bart hasi da lanean lehendabiziko txanda, 40 bat langilez osatutakoa, eta goizeko seietatik hamabietara lan egin du bigarren txandak.

Eguerditik gauerdira arte ekoizpena etenda egongo da, eta gauerdiarekin batera hasiko dira berriro lanean. Konpainiaren esanetan, ez da gorabeherarik izan, eta normaltasunez egin dute lan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao albisteak Lana berriak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea