Ekonomia -
Erreforma zamaketagintzan
Pasaiako zamaketariek De la Sernaren aurrean protestatu dute
Espainiako Gobernuak zamaketarien sektorerako prestatutako erreformak Pasaiako portuan 90 langileren kaleratzea ekarriko duela kritikatu dute, eta beste 200 edo 300 Bilbokoan.
Agentziak | Erredakzioa
Pasaiako (Gipuzkoa) portuko hainbat zamaketarik elkarretaratzea egin dute gaur Donostian, Iñigo De la Serna Sustapen ministroaren aurrean, Espainiako Gobernuak sektore horretan egin nahi duen erreformaren kontra protestatzeko.
Ministroa Gipuzkoako hiriburuan egon da, Euskal Y trenbidea Hendaiaraino iristea ahalbidetuko duen Astigarra eta Irun arteko hirugarren trenbide erraila eraikitzeko obren inaugurazioan.
Hitzordu hori aprobetxatuta, zamaketari ugari obren ingurura hurbildu dira bere haserrea agerrarazteko asmoz.
Ministroaren bisitaren ostean, elkarretaratze bat egin dute, eta, bertan, Jose Angel Izquierdo Pasaiako portuko zamaketarien ordezkariak adierazi du Espainiako Gobernuak astebete (otsailaren 24ra arte) atzeratu duela zamaketarien sektoreko erreforma, "alderdien artean elkarrizketari ekin diezaioten". Horren aurrean, Itsasoko Langileen Estatuko Koordinadorak (CETM) aurreikusita zeukan greba bertan behera utzi du.
Izquierdok azaldu duenez, beldur dira azkenean erreforma bere horretan geratuko dela gauzarik funtsezkoenetan, eta horrek "6.000 lagun kaleratzea ekarriko luke", ohartarazi du.
Jakinarazi duenaren arabera, erreforma horren eraginez, Pasaiako portuan "90 zamaketari finko kalean geratuko lirateke" (bertan 92 zamaketari finko eta beste zenbait behin-behineko daude), eta "Bilboko portuko 200 edo 300 zamaketariri eta Estatu osoko 6.000ri eragingo lioke", gaineratu du.
Testuinguru horretan, euren helburua zamaketarien sektoreko erreformak langileentzako "segurtasuna" ekartzea dela jakinarazi du, baita lan baldintzen eta soldaten subrogazioa ere.
"Lan egiten jarraituko dugu, uste baitugu zamaketako ereduak funtzionatu egiten duela. Neurri horrek sektorea araugabetu nahi duten zenbait multinazionalen nahiei besterik ez die mesede egingo, etekinak areagotzeko xedearekin. Alabaina, egun, zamaketariena etekin gehien sortzen den sektoreetako bat da", baieztatu du Izquierdok.
Horrez gain, kritikatu egin du Madrilgo Gobernuak ez duela behin ere Bruselan "Estatuko zamaketagintzako eredua defendatu". Azkenik, adierazi duenez, zamaketagintza Europako araudira "egokitu" behar bada, "auzian nahasita dauden eragileen artean berba eginda eta adostuta" egin behar da.