Ekonomia -
Lan-gatazka
Zamaketariek bertan behera utzi dute greba
Sustapen Ministerioak erreformaren onarpena astebetez atzeratzea eskaini ostean hartu dute erabakia.
Agentziak | Erredakzioa
Zamaketarien sindikatuek bertan behera utzi dute datorren asterako deitutako greba, Gobernuak zamen erreformaren onarpena astebetez atzeratzea eskaini ostean. Ostiral honetan onartzea aurreikusita zegoen.
Hala iragarri dute greba deitutako sindikatuek: Itsasoko Langileen Estatuko Koordinatzaileak, UGTk, CCOOek, CIGk eta CGTk. Sustapen Ministerioak zamen sektoreko erreforma Ministroen Kontseiluan astebetez, otsailaren 24ra arte, atzeratzea eskaini du, hilaren 20rako, 22rako eta 24rako portuetan 6.150 zamaketari baino gehiagok aurreikusitako greba bertan behera uzteko eta patronala eta sindikatuak negoziatzera esertzeko baldintzarekin.
Zamaketarien Enpresen eta Ontzien Gordailuzainen Elkarte Nazionala (Anesco) elkarrizketarako prest azaldu da zamaketarien sindikatuekin.
Sindikatuek azaldu dutenez, Iñigo de la Serna Sustapen ministroak elkarrizketa-bide bat irekitzea onartu du, alderdi parlamentarioek –Ciudadanos, PSOE, Podemos eta Kanarietako Koalizioak- negoziaziorik gabeko erreforma legegilea babestuko ez zutela ziurtatu ostean.
Sustapen Ministerioaren arabera, sindikatuek proposatutako ikuspegiek, besteak beste, lanpostuak bermatzea, langileen profesionaltasuna eta portuetan lana antolatzeko modua ez datoz Legezko Errege Dekretuan, Europako Batzordeak baimentzen ez duelako, baina negoziazio kolektiboaren bitartez eztabaidatu daiteke.