Ekonomia -
Lan istripua
Langile bat larri zauritu da Azkoitian, lau metroko altueratik erorita
Astelehen arratsaldean gertatu zen lan ezbeharra Azkoitiko Ibarmia enpresan. Istripua ezkutuan gorde dutela salatu du LAB sindikatuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Langile bat oso larri dago Donostia ospitalean, astelehen arratsaldean Azkoitiko Ibarmia enpresan lanean ari zela lau metroko altueratik erori ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez.
Ertzaintzaren iturriek adierazi dutenez, lan istripua astelehen arratsaldean gertatu zen aipaturiko Azkoitiko enpresan. Antza denez, langilea eskailera batetik erori zen eta, segidan, anbulantzia medikalizatu batean Donostia ospitalera eraman zuten. Langilea "nahiko larri" dago.
Bestalde, LABek ohar bidez adierazi duenez, larri zauritutako Mutrikuko gizonezkoa Elgoibarko Betelu enpresako langilea da eta Ibarmia enpresan azpikontratatuta lan egiten zuen. Halaber, sindikatuak "elkartasuna eta babesa" helarazi die langilearen senide, lankide eta lagunei.
Ibarmia enpresa eta Adegi patronala istripua ezkutatu nahian ari direla salatu du LABek. Sindikatuak adierazi duenez, langilearen hurbileko pertsona baten bidez izan dute ezbeharraren berri.