Ekonomia -
Desindexazio legea
Zerbitzu publiko gehienak ez dira garestituko KPI-a kontuan izanda
Espainiako Gobernuak hiru salbuespen aurreikusi ditu: energia elektrikoarekin lotutako gaiak, inbertsio handia suposatzen duten kontratuak eta alokairu publikoak.
Agentziak | Erredakzioa
Garraio publikoak, bidesariak edota alokairuak bezalako zerbitzu publikoak ez dira garestituko Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) kontuan izanda. Aurrerantzean, KPI-ak gora egiten duen arren, ez dute zerbitzu publiko horien prezioa igoko.
2015. urtean onartutako desindexazio legea moldatzeko lege dekretua onartu du ostiral honetan Espainiako Ministro Kontseiluak. Lege horren helburu nagusia inflazioari aurre egitea da.
Neurri hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean (larunbat honetan) sartuko da indarrean. Hala, desindexazio legearekin lotuta orain arte onartutako arau guztiak balio gabe geratuko direla suposatzen du horrek.
Ildo horretatik, Kontsumorako Prezioen Indizea % 3 igo arren (urtarrilean gertatu bezala energia elektrikoaren prezioak eraginda), autobus txartelak ez dira garestituko, eta bidaiariak prezio bera ordaindu beharko du.
Hala, neurria indarrean sartzen den unetik, KPI-aren igoerak ez du eraginik izango zerbitzu publiko askoren prezioan.
Dena dela, Espainiako Gobernuak hiru salbuespen aurreikusi ditu: energia elektrikoarekin lotutako gaiak, inbertsio handia suposatzen duten kontratuak eta alokairu publikoak.
Butanoaren edota elektrizitatearen azken prezioa beraz, KPI-aren arabera eguneratuko da aurrerantzean.