Ekonomia -

Txostena

ELAk eta LABek AHTaren kontu-ikuskaritza independientea eskatu dute

Bestalde, proiektuan 'euro bat gehiago' ez gastatzea aldarrikatu dute bi sindikatuek.

Abiadura Handiko Trenaren lanen artxiboko argazkia. EiTB
Abiadura Handiko Trenaren lanen artxiboko argazkia. EiTB
Abiadura Handiko Trenaren lanen artxiboko argazkia. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek abiadura handiko euskal Y proiektuaren kontu-ikuskaritza independientea egitea eskatu diete erakundeei, eta "handinahikeriatzat" jotzen duten proiektu honetan "euro bat gehiago ere" ez gastatzea.

Bi sindikatu abertzaleek Ekopol taldeari abiadura handiko trenari buruz eskatutako txostena aurkeztu dute gaur Bilbon. EHUko zortzi irakaslek eta ikertzailek hartu dute parte, baita Bartzelonako Unibertsitateko katedradun batek ere. Txostenaren arabera, abiadura handiko trenak lehen urtean gehienez 10 milioi bidaiari izaten ditu, aurreikuspen onenak kontuan izanik; euskal Yak, aldiz, 2,2 milioi bidaiari izango lituzke, "asko jota".

Ingurumenari dagokionez, AHT proiektuaren eraikuntzan energia fosil izugarri erabiliko litzatekeela azpimarratu dute. Beraz, CO2 isurtzea ez litzateke 100 urte igaro arte etengo.

Gainera, "desberdintasun soziala" areagotuko litzatekeela salatu dute ELAk eta LABek. Izan ere, garraio garestiagoa denez, diru gehien duten pertsonek soilik erabili ahal izango lukete, eta trenbidez egindako garraioa kaltetuko luke.

Adolfo Muñoz ELAren idazkari nagusiak kritikatu duenez, euskal Y "inolako babes zientifikorik gabe" eraikitzen da, "agintari arduragabeen" erabakiz. Etorkizuneko belaunaldiak hipotekatuko dituen dirua "xahutzen" dutela salatu du, gizarte, hezkuntza eta osasun arloko laguntzak murriztuta.

Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du euskal Y orain dela 30 urte abiatutako proiektua dela, eta tarte horretan euskal erakundeek ez dutela inolako ikerketarik egin. Era berean, euskal gizarteari eztabaida "demokratikoa" egin ahal izatea ukatu diote.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Euskal Y