Ekonomia -
Erabakia
Cajasur erosteko eskaintza loteslea aurkeztu du BBKk
BBKk ez du erabaki honen inguruko xehetasunik igorri. Gaur, Caja Sur erosteko eskaintzak aurkezteko azken eguna da.
Erredakzioa
Bilbao Bizkaia Kutxako Zuzendaritza Batzordeak Cajasur erosteko eskaintza loteslea aurkeztea erabaki du gaur, ohar batean jakinarazi dutenez. Espainiako Bankuak Caja Surren esku hartu behar izan zuen.
BBKk ez du erabaki honen inguruko xehetasunik igorri. Gaur, Caja Sur Cordobako kutxa erosteko eskaintzak aurkezteko azken eguna da.
Hedatzeko helburuarekin, BBKk egin duen hirugarren saiakera da gaurkoa. Aurreko biek (CCM eta Caja Mediterraneorekin) porrot egin zuten.
Izan ere, BBK-k beste eskaintza bat egin zuen CCMrengatik (hor ere esku hartu du Espainiako Bankuak), baina errefusatu egin zuten eta Cajasturrena onartu.
Cajasurren kontuak aztertzeko gonbitea jaso ostean, BBK-k eskaintza ez-loteslea aurkeztea erabaki zuen Kordobako kutxa erosteko, eta Espainiako Bankuak bost hautagaien artean sartu zuen. Modu honetan, eskaintza formala egiteko ateak ireki zizkioten BBKri.
BBK-k ez du bat-egite prozesuetan parte hartu orain arte, beraz, ez dio diru-lagunztarik eskatu FROBi, baina finantza krisia hasi zenetik hazteko asmoa agertu du "kutxarentzat ona den zerbait agertzen bada".
Erakunde bizkaitarraren emaitzak hobetu egin dira krisia hasi zenetik eta Estatuko bigarren kutxa da etekinei dagokionez. Gainera, bat-egite prozesuren batean sartuz gero, kutxaren kontrola berea izatea da jartzen duen baldintza.