Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
Nafarroan AHTren ibilbidea osatzea adostu dute
Iruñea 'Euskal Y'arekin eta Zaragozarekin lotu nahi ditu Nafarroako Gobernuak, eta Sustapen Ministerioa horretarako prest agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordeak eta Iñigo de la Serna Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak bilera egin dute Madrilen, Abiadura Handiko Trena hizpide.
Trenbide korridorea osatzea eta Castejon-Campanas zatirako hitzarmen berri bat lantzea adostu dute, Espainiako Gobernuak zorraren ordainketa bere gain hartuta.
Ayerdik eta De la Sernak bileraren ostean egindako agerraldian azpimarratu dute bi gobernuak bat datozela Iruñea trenbide-sare ezberdinek lotzea ezinbestekoa dela, bidaiarien nahiz merkantzien garraioa ahalbidetzeko.
Egitasmoaren helburua Iruñea 'Euskal Y'arekin eta Zaragozarekin lotzea da. Ayerdik garrantzitsutzat jo du Espainiako Gobernuarek ikuspegi horrekin bat egin izana.
Bestalde, berrikusi egingo dute bere garaian Sustapen Ministerioak eta Foru Gobernuak sinatutako hitzarmena. De la Sernak aitortu du “zaharkituta” geratu dela eta berme juridiko guztiak ez dituela.
Ildo berean, Nafarroako Gobernuak 45 milioi euroko zorra ordaintzeko eskatu dio Madrili, orain arte egindako lanengatik. De la Sernak esan du zorra ordainduko dutela.