Ekonomia -
Prezioen gorakada
Espainiako Gobernuak ez ditu argi sistemaren bidesariak merkatuko
Energia ministroak azaldu duenez, sistema bera erabiltzen dute nazioarteko beste 22 herrialdetan.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, ez du neurririk hartuko energia elektrikoaren prezioa merkatzeko, ez baitu aldaketarik egingo argi sistemaren bidesarietan. Azken asteotan energia elektrikoaren amaierako prezioak gorakada nabaria izan du Handizkako Merkatuan (Pool), baina datozen egunotan prezioek behera egingo dutela ziurtatu du Espainiako Gobernuak. Dena dela, gorakada hori ikertzeko eta faktura merkatzeko neurriak hartzeko eskatu diote oposizioko talde politikoek.
Ostiral honetan, batez beste, % 13,6 gutxiago ordainduko du familia bakoitzak energia elektrikoagatik Handizkako Merkatuan. Alabaina, elurteak espero dira Espainiako zonalde batzuetan, eta horrek eragina izan lezake amaierako prezioan.
Alvaro Nadal Energia ministroaren hitzetan, Espainiako Gobernuak ez du aldaketarik egingo argi sistemaren bidesarietan, eta beste 22 herrialdetan sistema bera erabiltzen dutela nabarmendu du.
Dena dela, lehiakortasunik eza saihesteko, faktura garestitzen den bakoitzean enpresa elektrikoen portaera aztertu behar dela esan du Espainiako Gobernuak.
Bestalde, haizearekin eta euriarekin elektrizitatea sortzeko baliabide merkeenak erabili ahal izango dira (energia hidraulikoa eta eolikoa). Hala, energia elektrikoaren amaierako prezioa merkatu egingo dela esan du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak.
Nadalek azpimarratu duenez, azken bi egunotan nabaria izan da prezioaren jaitsiera, eta hurrengo egunetan ez dela aldaketarik espero ziurtatu du.
Ostiral honetan batez beste 75,93 euro ordainduko dira megawatt orduko (MWh). Asteazkenean, Handizkako Merkatua sortu zenetik inoizko prezio altuena izatera iritsi zen energia elektrikoaren amaierako prezioa (91,88 euro).
Oposizioko talde politiko guztiek argindarraren prezioaren zergatiak ikertzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.