Ekonomia -
Lan Eskaintza Publikoa
Jaurlaritzak 740 lanpostu eskainiko ditu 2017ko Hezkuntzako LEPan
Eusko Jaurlaritzak otsailean argitaratuko du Lan Eskaintza Publikorako deialdia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 740 lanpostu eskainiko ditu 2017ko Lan Eskaintza Publikoan (LEP), Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zazpi espezialitateetan banatuta.
Eskainiko diren plazak honela daude banatuta: 227 Haur Hezkuntzan, 252 Lehen Hezkuntzan, 57 Ingelesean, 37 Gorputz Hezkuntzan, 36 Musikan, 105 Hezkuntza Berezia Pedagogia Terapeutikoan eta 26 Hezkuntza Berezia Entzumena eta Hizkuntzan.
Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea eta Konrado Mugertza Langileak Kudeatzeko zuzendaria Hezkuntzako Mahai Sektoriala osatzen duten sindikatuekin elkartu dira gaur Gasteizen, eta lan deialdiaren nondik norakoak azaldu dizkiete.
Erakundeetako ordezkariek LEPa bultzatzeko beharra nabarmendu dute. Azaldu dutenez, 2015ean eginiko deialdian 275 lanpostu besterik ezin izan ziren eskaini Espainiako Gobernuaren birjartze tasak hala behartuta.
Hasiera batean, Hezkuntza Sailak 2017ko ekaineko LEPan 818 lanpostu eskaintzeko asmoa zuen, baina azkenean zenbait postu 2018rako uztea erabaki zuen.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan urtero LEP bat deitzeko konpromisoa berretsi du.
Datorren otsailean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Enplegu Publikorako Eskaintza berriaren deialdia.