Ekonomia -
Lan istripuak
40 pertsona hil dira 2016an EAEn izandako lan istripuetan
Aurreko urtean baino zazpi pertsona gehiago hil dira lan ezbeharretan, Osalanek emandako datuen arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iaz 40 pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan izandako lan istripuetan, aurreko urtean baino zazpi pertsona gehiago (% 21,2 gehiago), Osalanek emandako datuen arabera.
2016an gaixo agiridun 33.341 lan istripu erregistratu zituen Osalanek, aurreko urtean baino % 4,6 gehiago. Lanaldian zehar izandako ezbeharrak, lanera joatean edo itzultzean (in itinere) gertatutako istripuak eta gaixoaldian egon ondoren berriz gaixotutako langileen kasuak zenbatu dituzte. Guztira, 28.090 istripu gertatu dira lanaldian eta 3.512, berriz, in itinere (% 1,9 gutxiago).
Lanaldian gertatutako ezbeharrei dagokienez, 27.918 arinak izan ziren (% 5,5 gehiago) eta 138, ostera, larriak (% 9,8 gutxiago). Halaber, 34 pertsona hil ziren, 2015ean baino sei gehiago. In itinere gertatutako istripuetatik 3.479 (% 2,1 gutxiago) arinak izan ziren eta 27 (% 17,4), berriz, larriak. Gainera, sei pertsona hil ziren, aurreko urtean baino bat gehiago.
Datuak arloz arlo aztertuta, eraikuntzan (80,7 gaixoaldi 1.000 langileko) gertatu ziren lan istripu gehien, lehen sektorearen (76,8 gaixoaldi 1.000 langileko), industriaren (63,9 gaixoaldi 1.000 langileko) eta zerbitzuen (26,6 gaixoaldi 1.000 langileko) aurretik.
Bestalde, gaixoaldia eragin zuten 1.145 gaixotasun profesional zenbatu zituzten iaz, aurreko urtean baino % 14,8 gehiago.