Ekonomia -

LAN-HITZARMENAK

EAEko hitzarmenak babesteko ituna egin dute sindikatuek eta patronalak

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak eta Confebask patronala akordio batera iritsi dira, EAEko lan-hitzarmenak Estatukoen gainetik lehenesteko.

Sindikatuen eta patronalaren ordezkariak. Argazkia: EiTB
Sindikatuen eta patronalaren ordezkariak. Argazkia: EiTB
EAEko hitzarmenak Estatukoen gainetik blindatzeko akordioa lortu dute

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak sektore arteko akordioa egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmenei lehentasuna emateko Estatu mailakoen aurrean.

Agiriak, baina, ez du negoziazio kolektiboa desblokeatzeko inolako konpromisorik jasotzen.

Hirugarren bileran iritsi da bi aldeen arteko ituna. Lehendabiziko batzarra azaroaren 30ean gin zuten, negoziazio-mahaia iritsi zenean. Patronalak proposamen zehatz bat eraman zuen eta sindikatuek zuzenketak egiteko aukera izan zuten; ELAk eta LABek soilik aurkeztu zituzten alegazioak.

Bigarren bilera urtarrilaren 10ean egin zuten. Aurrerapenak izan ziren eta bi aldeek onartu zuten akordioa gero eta hurbilago zegoela.

Hirugarren eta azken batzarra arratsalde honetan egin dute, Lan Harremanen Kontseiluan, EAEko lan-hitzarmenak blindatzeko akordioa erdietsita.

Itunaren gakoak

Akordioaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmenak eta itunak Estatu mailan adostutakoen gainetik lehenestea da.

Itunak iraunaldi mugagabea izango du, baina 2020ko abenduaren 31tik aurrera alde guztiek salaketa jartzeko aukera izango dute. Era berean, berau ordezkatzeko beste akordio bat lortu artean indarrean egongo dela zehaztu dute.

Aurrerantzean, EAEko lan-hitzarmen guztiak egongo dira blindatuta, egun indarrean daudenak, luzatutakoak nahiz hemendik aurrera adosten direnak.

Horrez gain, batzorde misto bat eratuko dute, akordioaren jarraipena egiteko. Edozein negoziazio-prozesu abiarazi aurretik, batzordeari jakinarazi beharko zaio.

Aldeen iritziak

Akordioa sinatu ostean, Confebaskek esan du itun “garrantzitsua” dela, 2000. urteaz geroztik sektore artean lortzen den lehendabizikoa.

Agiriak negoziazio kolektiboa desblokeatzeko konpromisorik jasotzen ez duela eta, patronalak azaldu du nahiago izan dutela lan-hitzarmenei lehentasuna ematea eta hainbat alditan porrot egin duen eztabaida alboratzea.

Nolanahi ere, gaurko akordioa negoziazio kolektiboa desblokeatzeko “lehen urratsa” izan daitekeela gaineratu du.

ELA sindikatuaren iritzian, “ituna ona da, baliagarria, Estatuko hitzarmenen inbasioaren aurrean EAEko hitzarmenak babesteko eta bermatzeko”.

Patronalarekin lor zitekeen akordio bakarra dela esan du, “negoziazio kolektiboari behar den moduan heltzeko borondaterik ez duelako”.

Horrez gain, ELAk zehaztu du sindikatuek ez dutela akordioa “bake sozialaren truke” sinatu. Beraz, lan-gatazkak bere horretan jarraituko du enpresa bakoitzean.

LAB sindikatuak esan du “oniritzi kritikoa” eman diola gaurko itunari, “EAEko lan-hitzarmenak Estatutik, patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuek eskutik, jasotzen ditugu erasoetatik babesteko”.

LABek beharrezkotzat jotzen du negoziazio kolektiboa desblokeatzea eta egoeraren ardura Conbebask, Cebek, Adegi eta SEA patronalei egotzi die.

CCOO sindikatuaren esanetan, akordioa “oso garrantzitsua” da eta gainerako sindikatuei dei egin die “fronte bakarra” osatzeko, “patronala negoziazio kolektiboa desblokeatzeko mahaian esertzera behartzeko”.

CCOOrentzat lan-hitzarmenen arazoa ez da “Estatukoen menpe egotea sortu, arazoa bertako negoziazioak uztean sortu da”. Hori dela eta, ELAri zuzendu zaio, gehiengoa duen sindikatua den heinean, negoziazio kolektiboarekin konprometitzeko eskatuz.

UGTk ohartarazi du gaurko akordioak ez duela baliorik izango, hemendik aurrera negoziazio kolektiboa desblokeatzen ez bada. Hortaz, negoziatzeko konpromisoa eskatu die gainerako sindikatuei.

“350.000 euskal langile baino gehiago negoziazio kolektiboa noiz berreskuratuko dugun zain daude”, erantsi du UGTk.

Beste alde batetik, Iñigo Urkullu lehendakariak akordio horren sinatzaileak zoriondu ditu eta “akordioak bilatzeko garaia dela” azpimarratu du.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusienetako bat elkarrizketa sustatzea izaten jarraituko duela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA albisteak LAB albisteak Confebask argazkiak Lana berriak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Euskal sindikatuak Euskal enpresak azken ordukoa