Ekonomia -
Murrizketa
Soldataren % 5 itzultzeko eskatu die Jaurlaritzak sozietate publikoei
Neurriak 4.000 langileri eragingo die eta 8 milioi euroko kostua izango du.
Agentziak | Erredakzioa
Patxi Lopezen agintaldian euskal sozietate publikoetako langileei murriztutako soldataren % 5 itzultzeko eskatu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzak. Ildo horretatik, neurri horrek suposatuko lukeen kostua kalkulatzeko eskatu die sozietate publikoei.
2015eko uztailaren 31n, Konstituzio Auzitegiak konstituzio-aurkakotzat jo zuen euskal sektore publikoko langileei egindako murrizketa. Auzitegi horrek emandako epaiaren arabera, 2010ean Espainiako Gobernuak onartutako legea ez zien euskal sektore publikoko langileei eragin behar. Arrazoi horregatik, Urkulluren gobernua prest agertu da murriztutako soldataren % 5 itzultzeko.
Gainera, Konstituzio Auzitegiak 2015eko uztailaren 31n emandako epai horren bidez, 2010eko EAEko Aurrekontu Orokorretarako Legearen 23.9 artikulua baliogabetu zuen -Patxi Lopezen agintaldikoa-. Bertan, sozietate publikoetako langileei soldataren % 5 murriztea aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak, baina Konstituzio Auzitegiak konstituzio-aurkakotzat jo zuen neurri hori.
Orain, Urkulluren gobernua prest agertu da murriztutako soldata itzultzeko. Neurriak 4.000 langileri eragingo lieke, eta zortzi milioi euroko kostua izango luke.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, euskal sozietate publikoetako langileei bueltatu beharreko diruaren zenbatekoa banan-banan aztertu beharko du Jaurlaritzak. Arrazoi horregatik, neurri horrek suposatuko lukeen gastua zenbatzeko eskatu die sozietate publikoei.