Ekonomia -

Sindikatuak - Patronala bilera

EAEko lan-hitzarmenak lehenesteko akordioa, hurbilago

Patronalak eta sindikatuek onartu dute EAEko lan-hitzarmenak Estatu mailakoen aurrean lehenesteko akordioa ixtear daudela.

Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentea, artxiboko irudi batean. EiTB
Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentea. EiTB
Sindikatuak eta patronala gertuago euskal konbenioak blindatzeko

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak eta Confebask patronala bigarrenez bildu dira gaur Bilbon, EAEko lan-hitzarmenak Estatu mailakoen aurrean lehenesteko akordioa lortzeko nahian, eta ituna gero eta hurbilago dagoela adierazi dute. 

Azaroaren 30ean bildu ziren lehenengoz, negoziazio mahaia eratzeko. Gaurko batzarra, berriz, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan izan da, 10:00etan.

2016ko bilera hartan akordioa izan zitekeenaren zirriborroa helarazi zien Confebaskek sindikatuei, eta bigarren hitzordua jarri zuten astearte honetarako.

CCOOk eta UGTk ez diote idatziari alegaziorik aurkeztu, zirriborroak uztailean Confebaskekin adostutako itunaren oinarri bera zuelakoan. ELAk eta LABek, ordea, alegazioak aurkeztu dituzte.

Confebasken izenean Jon Bilbao Lan Juridikoaren departamentuko zuzendaria joan da batzarrera. Sindikatuen izenean, berriz, Joseba Villarreal (ELA), Xabier Ugartemendia (LAB), Mari Cruz Vicente (CCOO) eta Maribel Ballesteros (UGT) izan dira.

Guztiak bat etorri dira bilera positibotzat jotzerakoan eta EAEko hitzarmenak Estatukoen aurrean lehenesteko akordioa heltzear dagoela esaterakoan. Alabaina, desadostasunak dituzte negoziazio kolektiboa desblokeatzeko aipamena itun horretan sartzerakoan.

Egiturazko testuari dagokionez, bat datoz alde guztiak, ñabardurak ñabardura. EAEko lan-hitzarmenak indargabetuta, Estatu mailakoak aplikatzen dira eta baldintzak okerragoak dira. Horrek arazo handi bat sortu du.

Nolanahi ere, bi aldeek aitortu dutenez, konponbidea gero eta hurbilago dago. Hurrengo bilera urtarrilaren 17an egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Confebask bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana azken orduko albisteak Ekonomia 2024