Ekonomia -
Estatu mailakoen aldean
Euskadiko ostalaritza hitzarmenak lehenesteko akordioa lortu dute
Gauzak horrela, "Madrildik inposatu den estatu mailako hitzarmenaren inposizioari aurre egin" ahal izango zaiola nabarmendu dute ELA eta LAB sindikatuek.
Agentziak | Erredakzioa
Ostalaritzako Akordio Markoaren negoziazio mahaiaren egiturari buruzko akordio batera iritsi dira astelehen honetan sindikatuak eta enpresariak. Hala, aplikazio-lehentasuna emango zaie bere eremuan sartzen diren hitzarmen sektorialei, estatu mailako akordioen aldean, ELA eta LAB sindikatuek iragarri dutenez.
Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, akordio hau burutu ondoren ezin izango dute negoziazio kolektiboa galarazi, dagoeneko adostu diren negoziazio-eremuetan, ezta etorkizunean EAE mailan erabaki litezkeenetan ere.
Hala, hiru probintzietako ostalaritzako hitzarmenek eta Gipuzkoako ostatu-etxeetako hitzarmenek erabateko aplikazio-lehentasuna izango dute estatu mailako akordioen aldean.
ELAren eta LABen arabera, akordio honek babestu egiten ditu, EAEko ostalaritzako hitzarmenak estatutik patronalak (Confebask honen kide izanda), UGTk eta CCOOk egiten dituzten “eraso eta esku-sartzeetatik”. Gainera, negoziazio kolektiboari buruzko euskal hitzarmen propio bat egituratzen du.
Alabaina, negoziazio kolektiboaren blokeoa gainditzeko ekinbideak beharrezkoak direla uste dute ELAk eta LABek. Ildo horretatik, Araba eta Gipuzkoako ostalaritza hitzarmenen negoziazioari heldu behar zaiola uste dute, Gipuzkoako ostatu-etxeetako negoziazioari ekin eta akordioak lortu, sektore horietan lan-baldintzak okertzen dituen egoerari konponbidea emateko.
Arrazoi horregatik, ELAk eta LABek eskua luzatu diete lurralde horietako patronalei negoziaziora itzul daitezen, akordioak iristeko borondatez, hartara lantokietan pairatzen den prekaritatea bideratzeko.
Sukaldaritza edo kolektibitateen sektoreari dagokionez, akordio honen aplikazio-eremuan sartzen delarik, erabaki da probintzia bakoitzeko ostalaritza hitzarmena aplikatuko dela, horrela Madrildik inposatu den estatu mailako Sukaldaritza Hitzarmenaren inposizioari aurre eginez.