Ekonomia -
Espedientea
Lehiaren Batzordeak zehapen-espedientea zabaldu dio Iberdrolari
Batzordearen erabakiaren kontrako alegazioa jarriko ote duen ikertzen ari da Iberdrola eta Energiaren Batzorde Nazionala jakinaren gainean zegoela gaineratu du.
Erredakzioa
Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNC) zehapen-espediente bat zabaldu die Iberdrola taldeko zenbait enpresari, beraien baimenik gabe bezeroak taldeko enpresa batetik bestera aldatu izanagatik. Lehiaren kontrako jarduera izan daitekeela uste du CNCk.
Gas Naturalek jarritako salaketaren ostean zabaldu dute espedientea, Batzordeak gaur jakinarazi duenez.
Argindarreko Azken Aukerako Tarifako enpresatik merkatu askekora bezeroak aldatzea egotzi dio Lehiaren Batzordeak Iberdrolari.
Aldaketa hauek bezeroen baimenik gabe egin zirela, eta beraz, sektoreko legearen aurka doazela gaineratu du CNCk.
Iberdrola Batzordearen erabakiaren kontrako alegazioa jarriko ote duen ikertzen ari da eta Energiaren Batzorde Nazionala jakinaren gainean zegoela gaineratu du; izan ere, zenbait bezerok ez zuten Azken Aukerako Tarifarako (TUR) eskubiderik eta merkatu librera pasatu zituzten.
2009ko ekainetik argindarraren merkatua askea da eta bezeroek nahi duten enpresa aukeratu dezakete, baina 10 kilovatio baino potentzia txikiagoa dutenek, etxe gehienek, Azken Aukerako Tarifa (Gobernuak ezarritakoa) kontratatu dezakete.