Ekonomia -

Langabezia datuak

176.218 langabe zenbatu dituzte 2016an Hego Euskal Herrian

Espainian ere, langabeziak behera egin du eta 3.702.974 langabe zenbatu dituzte urte amaieran, aurreko urtean baino 390.534 gutxiago (- % 9,54).

Abenduko langabezia datuak jakinarazi dituzte. Artxiboko argazkia: EiTB
Abenduko langabezia datuak jakinarazi dituzte. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

176.218 langabe zenbatu dituzte abenduan, Hego Euskal Herrian, aurreko urteko abenduan baino 16.942 gutxiago (- % 8,77), Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioak gaur kaleratutako datuen arabera.

Azaroko datuekin alderatuta, 1.527 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan abenduaren amaieran; hots, langabeziak % 1,11 egin du behera hilabetean.

Lurraldeka, eta aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta, 7.214 langabe gutxiago (- % 8,56) zenbatu dira Bizkaian; Gipuzkoan, 4.370 langabe gutxiago (- % 10,57); eta 2.260 langabe gutxiago, berriz, Araban (- % 9,27).

Nafarroan 3.098 langabe gutxiago zenbatu dituzte (- % 7,18) abenduan, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Azaroko datuekin alderatuta, berriz, langabeziak % 2,90 egin du gora (1.129 pertsona)

Espainiako datuak

Espainiako Estatuko datuei dagokienez, 390.534 langabe gutxiago (- % 9,54) zenbatu dituzte abenduan, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, eta guztira 3.702.974 pertsona daude langabeen zerrendan izena emanda.

Langabezia datuek "lanean jarraitzeko" indarra ematen dutela adierazi du Jaurlaritzak

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak adierazi duenez, "datu hauek adorea ematen digute Autonomia Erkidegoan langabezia % 10etik behera murriztea lortzeko politiketan gogor lan egiten jarraitzeko, legealdi honetarako jarri dugun helburua".

Hedabideetara bidalitako ohar batean azaldutakoaren arabera, helburu horrekin ari da Eusko Jaurlaritza prestatzen Enplegu eta Susperraldi Ekonomikorako Esparru Programa.

Nafarroako Gobernuak langabeziak azken hilabetean izandako gorakada deitoratu du

Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen presidenteordeak langabezian azken hilabetean Foru Komunitatean izandako igoera deitoratu du, nahiz eta azken hamarkadan, abenduan, langabeziak gora egin ohi duen Nafarroan.

Abenduko langabezia datuak negatiboak direla onartu ostean, balorazioa egiteko beste parametro batzuk aintzat hartu behar direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 EAE Lana Espainia bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa