Ekonomia -

Nafarroa

Hezkuntzak 2017ko LEPan aterako diren espezialitateak jakinarazi ditu

Hezkuntza Departamentuak ziurtatu duenez, egungo behar nagusiak hartu dituzte kontuan lehiaketara zer espezialitate aterako diren erabakitzeko orduan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza Departamentuak Hezkuntzako Mahaian dituen ordezkariek 2017ko lan-eskaintza publikoan aterako diren espezialitateak jakinarazi dizkiete sindikatuei.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez adierazi duenez, Espainiako gobernuak berritze-tasa baieztatzen duenean zehaztuko da behin betiko plaza-kopurua, baina espezialitateak ez dira aldatuko.

Legez finkatutako epeen arabera, lan eskaintza publikoa otsailaren amaieran onartu behar da, azterketak uda hasieran deitu ahal izateko; ondorioz, aurreikusitako kronograma betetzen ari dira.

Ikuskaritzako plazei dagokienez, Nafarroako Gobernuak ziurtatu du zentroetako lanari eta ikasturtearen antolaketari gutxien eragiten dien unean egingo direla azterketa horiek.

Hezkuntza Departamentuak zehaztu duenez, 2015eko Foru Dekretuan onartutako plazak (bere garaian Ogasun Ministerioak errekurrituak) 2018ko martxoa baino lehen deitu behar dira; beraz, 2017ko LEPak Esku-hartze soziokomunitarioko eta Bigarren Hezkuntzako Hezkuntza-orientabideko 20 plazak eta Ikuskaritzako 14ak jasoko ditu. Lehen Hezkuntzako 73 plazak, berriz, 2018ko deialdirako geratuko dira, Haur eta Lehen Hezkuntzarako plazak eskainiko dituena.

Bestalde, oposizioak 2018ra atzeratzeak % 33ko behin-behinekotasuna ekarriko lukeela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Halaber, administrazio-kudeaketan zailtasun ugari eragingo lukeela gaineratu du.

Espezialitateak aukeratzeko orduan, hainbat irizpide hartu dira kontuan, besteak beste, egungo behar nagusiak, eta lan-eskaintza publikorako deialdien erregulartasunari eustea (Lehen eta Bigarren Hezkuntza txandakatuz).

Nafarroako Gobernuaren arabera, kontuan izan dituzte beste autonomia erkidego batzuetan lehiaketara atera ez diren espezialitateak, lan-eskaintza publikoaren deialdira pertsona gehiago erakartzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua