Ekonomia -
Txostena
Nazioarteko Diru Funtsak erreforma gehiago eskatu dizkio Espainiari
Aldi baterako kontratu larregi daudela iritzi dio, eta enpresaburuentzat kontratazio mugagabea "erakargarri" bihurtzeko neurriak galdegin ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) lan erreforma gehiago egiteko eskatu dio Espainiari, langabezia-tasa altuari eta krisiak lan-merkatuan eragindako zatiketari aurre egiteko. Finantza erakundeak txostena egin du Espainiako egoera ekonomikoa aztertu eta atzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzeko.
Espainiako Gobernuak krisi garaian egindako "erreforma ikusgarriak" txalotu egin ditu NDFk, eta horiei esker ekonomia sendoagoa dela eta "susperraldi indartsua" duela nabarmendu du. Dena dela, egiturazko hainbat erronka daudela azpimarratu du Lagardek zuzentzen duen erakundeak.
Espainian egon diren NDFko adituek ohartarazi dutenez, "sortzen diren lanpostu gehienak aldi baterako dira". Ingurumaria horretan, laneko merkatuan "dualtasuna" (krisiak lan-merkatuan eragindako zatiketari esaten zaio, krisia izan baino lehen lanean ari ziren beharginen eta lan-merkatura batu direnen arteko banaketa) kritikatu du, enpleguaren ezegonkortasunari zuzenean eragiten diolako.
NDFren hitzetan, enpresaburuentzat "erakargarriagoak bihurtu behar dira kontratu mugagabeak", eta lan-erreformak eraginkorrago bilakatzeko neurriak hartzea proposatu dute adituek; enpresei kaleratzeak egiteko segurtasun juridiko eta administratibo handiagoa ematea eta lan-baldintzak kontrolatzeko eta malgutzeko aukera gehiago ematea, esaterako.
Espainiaren produktibitate baxua ere salatu du NDFk, eta hainbat neurri proposatu ditu finantza erakundeak arlo horretan ere; lehia bultzatzeko politika publikoak doitzea eta zerbitzu profesionalen liberalizazioan aurrera egitea, besteak beste.