Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
Kongresuak onartu egin du lan-erreforma PSOEren aldeko botoekin
Dekretuak aldeko 168 boto jaso ditu, 173 abstentzio eta kontrako 8. Bestalde, dekretua lege-proiektu gisa premiazko prozeduraz izapidetzea erabaki du Diputatuen Kongresuak aho batez.
Erredakzioa
Gobernuaren lan-erreforma lege-dekretua babestu duen alderdi bakarra PSOE izan da gaur Diputatuen Kongresuan. Era berean, dekretua lege-proiektu gisa premiazko prozeduraz tramitatzea erabaki du Kongresuak aho batez.
Lehenengo errege-dekretua baliozkotzea bozkatu du osoko bilkurak. Dekretuak aldeko 168 boto jaso ditu, 173 abstentzio (Antonio Gutierrez PSOEko diputatua, PP, CiU, EAJ, CC, UPN eta UPyD) eta kontrako 8 bozka (ERC-IU-ICV, BNG eta NaBai).
Talde sozialistaren barnean, Antonio Gutierrez diputatua abstenitu egin da, boto-diziplina hautsiz. Gutierrez CCOO sindikatuko idazkari nagusi izandakoa da.
Era berean, dekretua lege-proiektu bezala premiazko prozeduraz tramitatzea erabaki du Diputatuen Kongresuak aho batez.
Talde politikoek erreforma hobetu nahi dute tramite parlamentarioan.
Erreforma ekainaren 16an onartu zuen Gobernuak. Erreformak enplegua sustatzeko kontratuak zabaldu nahi ditu (33 eguneko kalte-ordainarekin, finko batek 45 eguneko kalte-ordaina duelarik), arazoak dituzten enpresei kaleratze objektiboa errazten die (20 eguneko kalte-ordaina) eta lanpostu bat deuseztatzeko kostua 8 egunez finantzatzen du.
Era berean, aldi baterako kontratuaren kalte-ordaina handitzen du (8 egunetatik 12ra pasatuz 2015ean). Lanaldia murriztea bultzatuko du.
Corbacho
Gobernuak onartutako lan-erreforma 8 milioi langabeen eta aldi baterako langileen onerako izango dela adierazi du gaur Celestino Corbacho Lan ministroak. Bestalde, gainerako 11,5 milioi langileen eskubideak mantentzen dituela esan du Corbachok.
Ministroaren arabera, erreformak ez du kaleratzea merkatzen, kontratu mugagabea duen edozein langilek kalte-ordain berdina jasoko duelako "erreforma baino lehen eta erreformaren ostean".
Corbachoren ahotan, erreformak lan-baldintzak eta enpresen lehiakortasuna hobetzen ditu, izan ere, malgutasun handiagoa emango du, ekonomiaren produktibitatea areagotuz.
Erreforma honek "lanpostuak sortuko" dituela esan du Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak, eta horregatik "aldez aurretik" Lan ministroa zoriondu nahi izan du. Lege-dekretuak "ez ditu langileen eskubideak murrizten, eta kontrakoa esaten duena gezurretan ari da", Alonsoren hitzetan.
Lan-erreforma "beharrezkoa eta ezinbestekoa" dela azpimarratu du Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileak. Saenz de Santamariaren hitzetan, "lan-erreforma bat beharrezkoa da, baina ez erreforma hau". "Lan-erreforma hau iragarritako porrot bat da", nabarmendu du. "Bat-batean egindako proposamena da eta Gobernuak ozta-ozta aterako du aurrera erabateko bakartasunean".
Bestalde, "lege-dekretua gaizki bideratu" dutela aurpegiratu dio Gobernuari Emilio Olabarria EAJko diputatuak. Erreformak "kaleratzea merkatzen" duela adierazi du eta Lan ministroak komunikabideetan "horrela onartu" duela erantsi du Olabarriak. "Kaleratzea erdia baino gehiago merkatzen da", azpimarratu du EAJko ordezkariak.
Gainera, proposamena "osatugabea eta eskasa" dela adierazi du CiUk.
Sindikatuak
Lan-erreformak lan-merkatuaren dualtasunaren gainean behar bezala ekiten ez duela ohartarazi dute CCOO eta UGT sindikatuek. Gainera, lanpostu finkoak aldi baterako langileak bezain ahulak bihurtzen ditu erreformak, sindikatuen ustez.
Sindikatuen esanetan, kontratu mugagabea "kaltetuena" izango da, nahiz eta Gobernuak kontratazio era horri kalterik egingo ez ziola hitz eman, "behin betiko baztertu eta etorkizunik gabe utzi du".