Ekonomia -

Diputatuen Kongresua

Lan-erreforma langabeen onerako izango da, Corbachoren esanetan

Bestalde, "lan-erreforma hau iragarritako porrot bat" dela esan du Soraya Saenz de Santamaria PPko diputatuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak onartutako lan-erreforma 8 milioi langabeen eta aldi baterako langileen onerako izango dela adierazi du gaur Celestino Corbacho Lan ministroak. Bestalde, gainerako 11,5 milioi langileen eskubideak mantentzen dituela esan du Corbachok.

Ministroaren arabera, erreformak ez du kaleratzea merkatzen, kontratu mugagabea duen edozein langilek kalte-ordain berdina jasoko duelako "erreforma baino lehen eta erreformaren ostean".

Corbachoren ahotan, erreformak lan-baldintzak eta enpresen lehiakortasuna hobetzen ditu, izan ere, malgutasun handiagoa emango du, ekonomiaren produktibitatea areagotuz.

Horregatik, erreforma Kongresuan baliozkotzea eskatu die alderdi guztiei, eskubideak murrizten ez dituelako eta proposamen orekatuak egiten dituelako, ministroak azaldu duenez.

Erreforma honek "lanpostuak sortuko" dituela esan du Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak, eta horregatik "aldez aurretik" Lan ministroa zoriondu nahi izan du. Lege-dekretuak "ez ditu langileen eskubideak murrizten, eta kontrakoa esaten duena gezurretan ari da", Alonsoren hitzetan.

Lan-erreforma "beharrezkoa eta ezinbestekoa" dela azpimarratu du Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileak. Saenz de Santamariaren hitzetan, "lan-erreforma bat beharrezkoa da, baina ez erreforma hau". "Lan-erreforma hau iragarritako porrot bat da", nabarmendu du. "Bat-batean egindako proposamena da eta Gobernuak ozta-ozta aterako du aurrera erabateko bakartasunean".

Bestalde, "lege-dekretua gaizki bideratu" dutela aurpegiratu dio Gobernuari Emilio Olabarria EAJko diputatuak. Erreformak "kaleratzea merkatzen" duela adierazi du eta Lan ministroak komunikabideetan "horrela onartu" duela erantsi du Olabarriak. "Kaleratzea erdia baino gehiago merkatzen da", azpimarratu du EAJko ordezkariak.

Gainera, proposamena "osatugabea eta eskasa" dela adierazi du CiUk.

Erreforma onartzea ziurtatuta

Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak ziurtatua du lan erreforma-ren lege dekretua Diputatuen Kongresuak gaur arratsaldean onartzea, izan ere, PPk eta CiUk abstentzioa emango dutela iragarri dute.

Hori horrela, Kongresuak onartu egingo du dekretua Talde Sozialistaren aldeko botoekin.

Era berean, popularrek eta abertzale kataluniarrek erreforma lege proiektu gisa tramitatzearen alde bozkatuko dute, talde politikoek zuzenketak edo aldaketak proposa ditzaten.

Atzo, EAJ izan zen bozketan abstentzioa emango duela iragarri zuena.

Prentsaurrekoan, Soraya Saenz de Santamaria PPk Kontresuan duen bozeramaleak azaldu du koherentzia dela-eta erabaki dutela abstenitzea. Izan ere, bere hitzetan, PPk uste du beharrezkoa dela lan merkatua erreformatzea, baina Gobernuak aurkeztutako erreforma ez da Espainiak behar duena.

Erreforma lege proiektu bezala izapidetzeari dagokionez, Santamariak adierazi du prozedura "presa barik, baina gelditu gabe" egitea proposatuko dutela. Halaber, zeregin horretan "beharrezkoa denean" lan egiteko prest agertu da.

Bere aldetik, Josep Antoni Duran i Lleida CiUren Kongresuko eledunak aurreratu du zuzenketak jarriko dituztela, testua "eskasa" delakoan.

Azaldu duenez, Gobernuak erreforma lege-proiektu bezala izapidetzea "ezinbestekoa" dela esan duelako erabaki dute abstentzioa.

Aurretik, eztabaida izan da

Eztabaida hasi aurretik, Senatuko kontrol saioan, PPri bere lan erreforma aurkezteko "ausardiarik" ez duela izan egotzi dio Zapaterok. Ordainean, Espainiako Gobernuaren egitasmoa kritikatzea besterik ez duela egin esan du presidenteak.

Izan ere, Gobernua oraindik ere PPren "proposamenen zain" dagoela azpimarratu du.

Gobernuak onartutako dekretua defendatu du Zapaterok. Bere ustez, aukera dago tramitazioan zehar Gobernuaren proposamena hobetzeko.

Bestalde, sinesgarritasuna irabazteko helburuarekin, Escuderok Zapaterori "alboratzeko" eta "kargua uzteko" eskatu dio. "Erantzukizun adibide garbia izango litzateke hori"

2,37 milioi kontratu mugagabe 2011 arte

Gobernuaren ustez, erreformaren ondorioz 895.723 kontratu mugagabe sinatuko dituzte aurten, eta 1.474.497 hurrengo urtean.

Halaber, 2012 arte neurrien kostua 700 milioi eurokoa izatea aurreikusi dute.

Celestino Corbacho Lan eta Immigrazio ministroak erantzukizunez jokatzeko eskatu zien atzo taldeei, eta premiazko prozedura erabiliz lege-proiektu bezala izapidetzearen alde egin zuen, irailerako behin betiko onartua egon dadin.

Diputatu sozialista batek ez du babestuko erreforma

Bestalde, Antonio Gutierrez PSOEko diputatu eta CCOO sindikatuko idazkari nagusi ohiak iragarri du ez duela dekretuaren alde bozkatuko du.

Kongresuko pasiloetan egindako adierazpenetan, Gutierrezek aitortu du ez dagola ados Gobernuarekin gai honetan. Hori bai, krisiari aurre egiteko egon litekeen Exekutibo onena Zapaterorena dela pentsatzen jarraitzen duela erantsi du.

Diputatuak ez du zehaztu aurka bozkatuko duen edo abstenituko den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea