Ekonomia -
Neurri ekonomikoak
Obamak babestu egin ditu Zapateroren neurriak
"Zapaterok azken asteetan hartutako neurri ekonomiko zailak, baina beharrezkoak babestu" ditu AEBetako presidenteak, Etxe Zuriko bozeramaileak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteari telefonoz deitu dio gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Ekonomia indartzeko Zapaterok hartutako neurriak babestu ditu Obamak, Bill Burton Etxe Zuriko bozeramaileak jakitera eman duenez.
"Espainiako ekonomia indartzeko Zapatero presidenteak azken asteetan hartutako neurri ekonomiko zailak, baina beharrezkoak babestu" ditu Obamak, esan du bozeramaileak.
"Berreskurapen iraunkor bat bermatzeko eta finantza-araudia berrindartzeko neurriak hartzen" jarraituko dituztela esan dute bi presidenteek, G-20aren hurrengo bileraren aurrean. Goi-bilera aste honetan egingo dute Kanadan eta bi agintariek parte hartuko dute.
Bigarren deia
Hilabete baten buruan bi buruzagien artean ematen den bigarren elkarrizketa telefonikoa da. Maiatzaren 13an, Obamak Zapaterori deitu zion, egun batzuk lehenago Espainiako Exekutiboak iragarritako "neurri ausartak" txalotzeko.
Maiatzaren erdialdera, 2010 eta 2011 artean defizit publikoa murrizteko zenbait neurri iragarri zituen Zapaterok, besteak beste, langile publikoen soldatak % 5 murriztea, seme-alabak izateagatik ematen zen laguntza eta pentsio batzuen balioa handitzea bertan behera uztea.