Ekonomia -

Iraultza industriala

Basque Industry 4.0 biltzarrak 2.000 enpresaritik gora bildu ditu

Arantxa Tapiak ohartarazi du, estrategia egokirik ezarri ezean, "enpresa txikiak eta ertainak desagertzeko zorian" egon daitezkeela, "nazioartean aurreratuagoak diren beste batzuek ordezkatuta".

Arantza Tapiak dio enpresek apustu dijitalari eutsi behar diotela

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basque Industry 4.0 biltzarraren hirugarren edizioak 2.000 enpresaritik gora bildu ditu Donostiako Kursaal Jauregian. Lantegi adimendunari buruzko Euskadiko erreferentziazko topaketa da.

Biltzarrari hasiera emateko hitzaldian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak enpresa txiki eta ertainei laguntzeak duen garrantzia azpimarratu du. "Estrategia egokirik inplementatzen ez baldin badugu, enpresa horiek desagertzeko zorian egon litezke, nazioartean aurreratuagoak diren beste enpresa batzuek ordezkatuta", ohartarazi du.

Ildo horretan, beharrezkotzat jo du enpresen arteko lankidetza, tamainari erreparatu gabe, eta lankidetza publiko-pribatuaren adibidetzat aipatu du, Eusko Jaurlaritzak foru aldundiekin, BICekin eta Euskadiko industria-enpresa nagusiekin batera teknologiaren arloko enpresa jaioberri onenak erakartzeko abiarazi duen BIND 4.0 StartUP! Basque Industry Accelerator Program 4.0 programa berritzailearen lehen deialdiaren arrakasta.

Guztira, 41 herrialdetako 257 startupek parte hartu dute lehen deialdi honetan, eta horietatik, 13 statup onenen 18 proiektu hautatu dira, ondoko 13 enpresa handi hauetan gara daitezen: ABB, Grupo Alcor, CAF, Danobat Group, Euskaltel, Grupo Fagor Ederlan, ITP, Grupo Maier, Mercedes Benz-Vitoria, Michelin, NEM Solutions, Repsol-Petronor eta Grupo Ulma. Proiektu hauek Kursaalen egindako jardunaldian aurkeztu dira.

Kursaalen, mahainguru bat antolatu da Titanium, ABB, CIE Automotive, Microsoft eta Gestamp bezalako enpresen ordezkarien artean, gai honen inguruan dituzten ikuspegiak partekatu eta egungo egoera, etorkizuna, estrategiak, gakoak, erronkak eta abar azal ditzaten, Enrique Rodal teknologietan trebatutako kazetariak zuzendutako eztabaida batean.

Basque Industry 4.0 topaketan, Etxe-Tar makina-erremintako konpainia gipuzkoarrak ere parte hartu du. Etxe-Tar dugu Euskadin digitalizazioaren aldeko lasterketa lideratzen ari diren enpresetako bat, eta bere esperientzia 4.0 Industriaren arloko lideragoaren eredutzat har daiteke.

Programan, halaber, EIKT soluzioen garapenean espezializatutako euskal enpresen adibideak ere bistaratu dira, prozesuetan, produktuetan eta zerbitzuetan izandako arrakasta-kasuak barne. Etorkineko aurreikuspenei dagokienez, Euskadiko unibertsitateak eta zentro teknologikoak arduratu dira teknologia berriez profitatzeko aukera izango duten industria-aplikazioak zehazteaz.

Jardunaldiaren barruan, halaber, Gaia telekomunikazioetako klusterraren eskutik, gamifikazioari buruzko lau tailer praktiko egin dira, bideojokoetako tresnek eta teknikek (errealitate birtuala, errealitate areagotua, simulazioa…) industria-prozesuetako fase desberdinetan (Pre-Produkzioan, Produkzioan nahiz Post-Produkzioan) izan ditzaketen erabilerak azaltzeko. Tailerretan parte hartu dutenek enpresetan jardunean dauden aplikazioekin esperimentatu eta teknologia horiek beren erakundeetan erabiltzearen abantailak aztertu ahal izan dituzte.

Topaketarekin batera eratu den erakusketa-esparruan, 4.0 Industriarako soluzioak garatzen diharduten 29 euskal enpresak bertaratutakoen aurrean aurkeztu dituzte beren zerbitzuak eta eskaintza teknologikoak, eta enpresen arteko lankidetzarako nahiz balizko elkartzeetarako harremanak finkatu ahal izan dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak