Ekonomia -
Lana
Lan gatazkak eta grebengatik lan egin gabeko egunak igo egin dira
Bestalde, lan erregulazioko txostenek eta horien eraginpean dauden langileek behera egin dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lan gatazkek gora egin dute azken urtean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta grebengatik lan egin gabeko egunak % 156 igo dira 2015eko irailetik aurtengo irailera, Lan Harremanen Kontseiluak argitaratutako azken txosten soziolaboralaren arabera.
Lan Harremanen Kontseiluaren esanetan, lan gatazken gorakada ez da sektoreko gatazken ondorioa bakarrik, hainbat enpresatan negoziazio kolektiboko prozesuek eragindako greben ondorio baizik.
Zehatz-mehatz esanda, lan egin gabeko egunak %156 igo dira 2015eko irailetik 2016ko irailera. Guztira, 124 greba zenbatu dituzte, horietatik 59 Bizkaian, 36 Araban eta 29 Gipuzkoan. Grebagatik lan egin gabeko lanaldiak 42.231 izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
Bestalde, Gipuzkoan siderurgiako lantoki bat ixteak -ArcelorMittal- izan zuen eragina gorabehera, enplegu erregulazioko espedienteen eraginpeko pertsonen kopuruak behera egin du. Aurkeztutako espedienteen kopurua %33,5 jaitsi da azken urtean eta espediente horien eraginpeko pertsonak % 21,3 gutxiago izan dira.
Negoziazio kolektiboari dagokionez, "makal" jarraitzen duela azpimarratu du Lan Harremanen Kontseiluak. Enpresako 23 hitzarmen erregistratu ziren EAEn irailean, beren eraginpean 3.023 langile hartuta, eta ez zen sektoreko hitzarmenik erregistratu. EAEn eragina duten Estatuaren eremuko hitzarmenetan, enpresako bat eta sektoreko bi erregistratu ziren, guztien artean ia 2.000 pertsona babestuta. Urtean zehar erregistratutako hitzarmenen batez besteko soldata igoera % 1,18koa izan da.
Gaur egun, besteren kontura lan egiten duten langileen % 34,6 bakarrik daude indarraldi arrunteko hitzarmenen babespean, %45,4ren hitzarmenek indarraldia luzaturik dute eta berritzeko zain daude, eta % 20k ez dute hitzarmen kolektiboren babesik, beren hitzarmenak iraungita eta berreskuratzeko zain baitaude.