Ekonomia -

Batzar Nagusia

SEA: 'Lan-erreformak ez du inor pozik utzi'

Sindikatuei "arrazionalismo soziala" eskatu die Juan Jose Azurmendi SEA-Arabako Enpresarien presidenteak, errealitateari bizkarra emateak "milaka langabe lanpostu batera heltzea eragozten duelako".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuaren lege-dekretua "bidearen hasieran geratu da, ez du inor pozik utzi eta merkatuak behar dituen irtenbideak ez ditu ematen", Juan Jose Azurmendi SEA Arabako patronalaren presidenteak gaur azaldu duenez.

Bestalde, "Kontzertu Ekonomikoari eta fiskalitateari zukua ateratzeko" eskatu die diputazioei eta Eusko Jaurlaritzari Azurmendik, "sortzaileago izateko eta momentuko premiei erantzunak emateko". Gainera, sindikatuei "arrazionalismo soziala" eskatu die, izan ere, "errealitate gogorrari bizkarra emateak lanpostuak arriskuan jartzen ditu eta milaka langabe lanpostu batera heltzea eragozten du".

SEAko Batzar Nagusian, Gasteizen, egin ditu adierazpenak Azurmendik. Ministroen Kontseiluak atzo onartu ostean, Lan-erreformako lege-dekretua eta sindikatuen jarrera aztertu ditu enpresariak. "Merkatuak eskatzen dituen konponbideak ez ditu ematen", Azurmendiren hitzetan.

Lan-erreforma nahikoa izango ez balitz Arabako enpresariek kontratazio berririk egingo ez luketela ohartarazi zuen Azurmendik iragan astean eta horrek kritika gogorrak jaso zituen. Krisi egoera batean "bakoitzak lagundu behar" duela adierazi du Arabako enpresarien buruzagiak.

Gainera, enpresariak "erakundeen erreforma ausarten zain" direla esan du Azurmendik. Enpresariek euren proiektuak aurrera ateratzeko "etikaz ekingo" dutela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea